Gizartea -
GRIPEA
Osasun Sailak, gripearen bilakaeraz: "Intzidentzia altua da, baina sasoiari dagokiona"
Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu duenez, birusak aurreikusitakoa baino "birulentzia txikiagoa" du gaur-gaurkoz, eta txertaketari egotzi dio. Iragarri duenez, kasuek "datorren astearen amaieran" joko dute goia, aurreko kanpainan baino bi aste geroago.
E. G. | EITB MEDIA
Kutsatze-kasuak goia jotzeko daudela, Alberto Martinez Osasun sailburuak aitortu du gripearen intzidentzia "altua" dela, baina Gabonen osteko garaiaren araberakoa dela zehaztu du. Arnas Infekzio Akutuaren (AIA) Zaintzari buruzko azken txostenaren arabera, arnas infekzio mota horren tasa 505,6 kasukoa da 100.000 biztanleko.
Birusaren bilakaeraren inguruko datuak eman ditu gaur sailburuak, Maite Martinez de Albeniz Osakidetzaren Osasun Laguntzako zuzendaria aldamenean zuela. Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, aurreikusi zitekeena baino —gogorrago joko zuela uste zen, hego hemisferioko datuak kontuan hartuta— "birulentzia txikiagoa" izaten ari da, eta txertaketari esker izan dela nabarmendu du. Martinez de Albenizen hitzetan, "ez da aparteko egoera" sortu, eta kanpaina hasi zenetik (urritik, alegia), ez da "gorabeherarik" izan.
Kasuek "datorren astearen amaieran" joko dute goia, aurreikusi duenez. Aurtengoak iazkoarekiko "bi asteko atzerapena" duela argitu du: "Iaz, Gabonetan jo zuten goia kasuek; aurten Erregeen ostean izango zela uste genuen, baina geroxeago izango da". "Oraindik bi aste gehiago izango gara presiopean", gaineratu du.
Balorazioa egiteaz gain, hainbat datu eman ditu sailburuak. Gripearen kanpaina hasi zenetik, 2,4 milioi arta orokor egin dituzte Lehen Arretan —iaz baino % 2,7 gehiago—, eta Larrialdietan gripeak jotako 3.932 pertsona artatu —iaz baino 600 gehiago—. Erietxeratutakoei dagokienez, 737 izan dira orain arte (aurreko kanpainan, 1.011). Azkenik, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ingresatutakoen portzentajea (% 1,5)Estatuko tasa (% 5,6) baino nabarmen txikiago dela azpimarratu du.
Martinez de Albenizen esanetan, azken astean ospitaleetako larrialdiak kolpatu ditu gogorren gripearen epidemiak, baina gaixoak erietxera joateak ez du esan nahi ospitaleratze kopurua igo denik.
Baliabideei dagokienez, Osakidetzak zehaztu du gripe kanpainarako prest zituen 500 ohe gehigarrietatik 282 jarri dituela. Lurraldeka, 44 dira Araban; 115, Gipuzkoan, eta 123, Bizkaian. Martinez de Albenizek azaldu duenez, Gipuzkoan intzidentzia tasa gainerako lurraldeetan baino altuagoa da, eta kasuek nabarmenago egin dute gora.
Txertaketak, gora
Txertaketa hizpide, eta aurreko kanpainako datuekin alderatuta, gripearen kontrako % 4,4 txerto gehiago jarri dira. Haurren txertaketa bikoiztu egin da, eta 80 urte baino gehiagokoen artean % 70koa da.