Gizartea -
COPERNICUS
Munduko 2024ko batez besteko tenperaturak aurrenekoz gainditu du 1,5 °C-ko igoeraren langa
Copernicus behategiaren arabera, inoizko urterik beroena izan zen iazkoa: lehen aldiz gainditu zen 1,5 °C-ko tenperatura igoera, industria aurreko aroarekin alderatuta.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Klima-aldaketari aurre egiteko borrokan adituek ezarritako erronka nagusienetakoa da industria aurreko aldiaren (1850-1900) batez besteko tenperatura 1,5 ºC ez gainditzea. Hala geratu zen jasota 2015ean mundu osoko ia 200 estatuk adostutako Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioan. Bada, 2023an langa hori igarotzetik 0,02 gradura geratu ondoren, 2024an jada pasatu da marra: industria aurreko aroko batez besteko tenperatura 1,6 gradutan gainditu zen iaz eta inoiz erregistratutako urterik beroena izan zen. Munduko tenperatura 15,10 ºC izan zen, 1991-2020 beste erreferentziazko aldiarekin alderatuta 0,72 ºC beroagoa.
Europako Batzordearen Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) eman ditu datuok, iazko datuak bildu eta alderatu ondoren, gaur argitaratu duen txostenean. Nabarmendu dituzten lerroburuen artean, ondorengoak ere badaude: 2024ko lehen seihilekoa izan zen bereziki beroa, baina urteko batez besteko altuena uztailaren 22an jaso zen, 17,16 °C neurtuta. Europako datuei erreparatuta, berriz, tenperatura 10,63 °C-koa izan zen, 1,47 °C industriaurreko mailaren gainetik.
Itsasoaren gainazalaren tenperatura ere neurtzen du C3S behatokiak, eta iazko datuen arabera, adierazle horrek ere goia jo du: 20,87 °C-ko batez besteko tenperaturara iritsi zen itsasoaren gainazala, hau da, orain arteko datua baino 0,51 °C epelago. Halaber, txostenak baieztatzen du El Niño —Ozeano Barearen beroketarekin lotutako zikloa— fenomeno metereologikoa 2024an bukatu zela, eta La Niña fenomeno bereko beste faseari —itsasoaren azaleko urak Ozeaniarantz mugitzen dira, eta azaleko ura ohi baino hotzagoa da— hasiera eman. Halaber, Artikoko itsas izotzaren hedadura batez bestekoa baino askoz txikiagoa izan zen.
Bide beretik, airean pilatutako ur lurrun kantitatea ere inoizko mailarik altuenera iritsi zen iaz, 1991-2020 aldian pilatutako batez bestekoaren % 5 gainetik, eta berotegi efektuko gasen kontzentrazioa ere inoizko handiena izan zen: karbono dioxidoaren batez besteko metaketa milioiko 422 zatikoa izan zen, eta metanoarena, mila milioiko 1.897 zatikoa.
Txostenak azpimarratzen duen beste adierazle bat estres termikoari dagokiona da. Muturreko tenperaturen eta hezetasun maila handiaren ondorioz, beroak eragindako estres termikoaren maila handitu egin da, bereziki, ipar hemisferioan. Data zehatz bat aipatzen da: uztailaren 10ean estres termikoaren eraginpean egon zen planeta osoaren % 44.
Bestalde, muturreko fenomeno metereologikoak mundu osoan ugaritu bakarrik ez, horien indarra etengabe areagotzen ari dela diote Copernicusen txostena osatu duten adituek. Uholdeak, lehorteak, baso suteak eta beroaldiak munduko bazter guztietan ari dira gertatzen, eta planeta osoko herritarren bizitzak arriskuan daudela ohartarazi dute.
Carlo Buontempo C3Sren zuzendariak, beste behin, berretsi du egoera larria dela, baina oraindik klimaren norabidea aldatzeko garaiz dagoela mundua. "Adierazle guztiek diote 2024a inoizko urterik beroena izan zela, 1850. urtean datuak biltzen hasi zirenetik. Gizateriaren esku dago etorkizuna, eta ebidentziak kontuan hartuta erantzun behar diogu erronka klimatikoari. Gure esku dago etorkizuna: erantzun azkar eta eraginkor batek klimaren norabidea alda dezake", esan du.