Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EITB Data: kirol ohiturak, gripearen intzidentzia eta txotx denboraldiaren aurkezpena
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urtarrilaren 9an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Data: Kirol ohiturak: Azken EITB Dataren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 10 pertsonatik 6k astero egiten dute kirola: % 58,9k, EAEn eta % 56k, Nafarroan. Halaber, egunero ariketa fisikoa egiten dutenak 10 biztanletik ia 3 dira Hego Euskal Herrian. Kirola egiten dutela dioten pertsonek, batez beste, hiru ordu laurdeneko saioak egiten dituzte: 49 minutu EAEn eta 45 minutu Nafarroan.
- Gripearen intzidentzia: Gripearen eraginak gora egiten jarraitzen du bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere. Arnas Infekzio Akutuaren (AIA) Zaintzari buruzko azken txostenaren arabera (2024ko abenduaren 30etik 2025eko urtarrilaren 5era), arnas infekzio mota horren tasa 505,6 kasukoa izan da 100.000 biztanleko. Nafarroan, aldiz, tasa 898 kasukoa izan da 100.000 biztanleko.
- Txotx denboraldiaren aurkezpena: Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenak 2025eko txotx denboraldiaren aurkezpena egingo du Donostiako Konstituzio plazan, 11:30etik aurrera. Aurkezpen ekitaldian Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroako sagardogile eta ordezkariek hartuko dute parte. Bertan, aurtengo sagardo uztaren ezaugarriak eta sektorearen egitasmoak azalduko dituzte, sagardo berria dastatzearekin batera.