Gizartea -
Galizia
74 urtetik gorako zigorrak, Samuel Luizen hilketaren errudun jotako lau lagunentzat
Epaileak 10 urtetik 24 urtera bitarteko gartzela-zigorrak jarri dizkie haietako bakoitzari. Lau zigortuetako hiruren abokatuek jakinarazi dute helegitea jarriko dutela.
Agentziak | EITB Media
Coruñako Probintzia Auzitegiak 74 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri die, guztira, Samuel Luizen hiltzeagatik errudun jo zituen lau pertsonei.
Magistratuak 24 urteko zigorra ezarri dio horietako bati, 20 urtekoa biri eta 10 urtekoa laugarrenari. Lau zigortuetako hiruren abokatuek iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela.
Samuel Luiz 2021eko uztailaren 3an hil zuten, Coruñako Riazor hondartzaren aurrean. Epaiak azaltzen duenez, talde baten eraso batean jasan zituen zauriek eragin zuten 24 urteko gaztearen heriotza. Erasoa taldeko gazteetako batek hasi zuen, Samuel Luizek bere eta bere bikotekidearen irudiak grabatu zituela pentsatu baitzuen.
Guztira, zazpi pertsona epaitu dituzte hilketarekin lotuta. Bat aske gelditu da eta gainerako seiak errudun jo dituzte eta zigorrak jaso dituzte, tartean, beste prozesu batean epaitutako bi adin-txikiko.
Gazteria eta Haurtzaro ministro Sira Regok X sare sozialean adierazi duenez, Samuel Luizen auziko epaiak "ez du mina ezabatzen", eta "marikoia dela oihukatuz norbait hiltzea gorrotoa" dela baieztatu du.