Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

"La Manada" auziaren inguruko diskurtsoek gizartean aldaketak eragin zituzten, EHUren ikerketa baten arabera

2016ko sanferminetako taldeko sexu erasoen inguruan sortutako diskurtsoak aztertu ditu Samara Velte EHUko ikertzaileak, baita hedabideen jarraipena eta kaleko mobilizazioak ere.

La Manada auzian zigortutako bostak, artxiboko irudi batean. EITB Media
La Manada auzian zigortutako bostak, artxiboko irudi batean
La Manada auzian zigortutako bostak, artxiboko irudi batean. EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"La Manada" izenez ezaguna den 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren harira sortutako diskurtsoek aldaketak eragin zituen gizartean eta legedian, EHUko ikerketa batek ondorioztatu ahal izan duenez. 

EHUk gaur ohar bidez jakitera eman duenez, garai hartan Berriako kazetaria zen eta gaur egun EHUko ikertzailea den Samara Veltek sexu-eraso hartan sortu ziren diskurtsoen azterketa zientifikoa egin du. Kasu hark hedabideen arreta bereganatu zuen eta mobilizazio handiak eragin zituen kalean.

Diskurtsoak aztertuz gizarte mugimenduetan esanahi sozialak nola eraikitzen diren ulertzea posible dela erakutsi nahi izan du egileak, eta diskurtsoak askotan identitateen eta ekintza sozialen bitarteko direla ere frogatu du.

Ikerketa egiterako garaian lau une ezberdinetan hedabideetan argitaratutako 110 eduki aztertu ditu: erasoa gertatu ostean (2016ko uztailean), epaiketa garaian (2017ko azaroa), epaiaren ostean (2018ko apirila) eta "Bai bakarrik da baietz" legea onartu ondorengoak (2023ko apirila). Horrekin batera, hiru lege testu aztertu ditu: aipaturiko lege organikoa, epaia eta hari lotutako boto partikularra. Azkenik, protestetan eta kalean jasotako diskurtsoei ere erreparatu die. 

Garai horretan guztian diskurtsoek identitate sozialen artikulazioan izan zuten eraginaren ebidentziak topatu ditu EHUk egindako azterlanak, hau da, nola bideratu zuten jendea talde edo kolektibo jakin bateko kide sentitzera edo identifikatzera eta esanahi komun batzuk izatera. 

Halaber, auzian eragiteko asmoz zabaldutako mezuak ere aztertu ditu ikerketak. Esaterako, azterlanak aipatu du epaiketaren garaian mugimendu feministak aldarrikatzen zituen diskurtsoei balioa kentzeko ahalegin berezia egin zela.

Hala ere, ikertzailearen arabera, memoria sozialak zerikusi handia du diskurtsoen, identitateen eta ekintza sozialen garapenean. "Diskurtsoak ez dira ezerezetik sortzen. Protesta haiek sortu ziren biolentziazko historia guztiaren erantzun modura. Ez da kasualitatea Iruñean izatea. Hirian aurrez esperientzia traumatikoak bizi izan zituzten, sozialki oso markatuta geratu zirenak. Horrek ezagutza partekatzeko lanketa bat eragin zuen eta erraztu zuen ahots kolektibo horrek kalea hartzea", nabarmendu du autoreak.

Bestalde, "La Manada" kasuari lotuta sortutako "Bai bakarrik da baietz" legea, diskurtsoen arteko harremanen eta memoria sozialaren eraginaren ondorio gisa aurkeztu du azterlanak. "Ahots feministak iritsi ziren lehenago iritsi ez ziren tokietara: mundu juridikora. Ordura arte oso hertsia zen, eta une horretan ireki egin zen, orduan onartu zen hainbat akats zeudela eta bidea eman zitzaion lege berriari. Horrek barnean hartu zituen ahots feministak aldarrikatutako hainbat printzipio", dio Veltek. Baina, aldi berean, ikertzaileak nabarmentzen du legeak kontrako erreakzio bat piztu zuela eta agerian gelditu dela "gatazka sozialak ez direla inoiz erabat ebazten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian EHU Gizartea albisteak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur ‘La Manada’ auzia azken ordukoa Sexu erasoak gaur