Gizartea -

TRAFIKOA

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua udaberritik aurrera sartuko da indarrean

Behin-behineko ordenantza publikoa izango da urtarrilaren 14ra arte, herritarrek eta erakundeek ekarpenak egin diezazkioten. Hori amaituta, Gasteizko Udalak martxo aldera onartuko du behin betiko ordenantza. Hala ere, isunak ez dira uda ostera arte aplikatuko

Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Infografia: EITB Media
Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Infografia: EITB Media
Gasteizko Emisio Gutxiko Eremua. Infografia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko erdigunean trafikoa mugatuko duen emisio gutxiko eremua ez da udaberrira arte indarrean sartuko, eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetatik azkena izango da.

Azaroan, Gasteizko osoko bilkurak hiriko Emisio Gutxiko Eremua (EGE) arautuko duen ordenantza onartu zuen, behin-behinean, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Ordenantza publikoa izango da datorren urtarrilaren 14ra arte, herritarren eta erakunde publikoen ekarpenak jasotzeko. Ondoren, alegazioak testuan gehitu ala ez erabakiko dute.

Hori amaituta, batzordeak eta udalbatzak ordenantza onartu beharko du, martxo aldera.

Emisio Gutxiko Eremua indarrean sartzen den unetik hiru hilabeteko epea irekiko da bertara sartu nahi dutenen erregistroa osatzeko. Ondoren, bi edo hiru hilabeteko egokitzapen aldia hasiko da, eta isunak uda ostean hasiko dira jartzen.

Emisio Gutxiko Eremua modu progresiboan ezarriko da

Lehen fasean, bizitegi-lehentasuneko eremutik trafikoa kentzea da helburua. Zehazki, alde horrek Erdi Aroko Hirigunea eta Zabalgunearen zati bat hartuko ditu, kale hauek mugatuta: Bakea, Ramon Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goicoechea, Zerkabarren kalea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Arriagako atea eta San Ignazio Loiolakoaren kalea.

Egoiliarrak, aparkatzeko plazak eskuratzen dituztenak, merkataritza eta zerbitzu establezimenduetako langileak, zamalanetarako eta larrialdietarako guneetarako ibilgailuak eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen titularrak sartu ahal izango dira eremu horretara.

Kategoria horietakoren bateko ibilgailuen titularrek alta eman beharko dute sarbide-kontroleko sisteman, eta dagokien baimena izan beharko dute.

Bigarren fasean, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, debekatuta egongo da ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuak sartzea, hau da, 2001. urtea baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak eta 2006a baino lehenagoko dieselak.

2030ean, B bereizgarria dutenei zabalduko diete debeku hori.

Salbuespenak

Hala ere, ingurumen-etiketari dagozkion mugei zenbait salbuespen egingo zaizkie; horietako bat errenta-mailari dagokio. Urteko diru-sarrera gordinak gutxienez laguntzak, subsidioak edo hobari fiskalak kalkulatzeko erreferentzia gisa erabiltzen den errenta-adierazlea baino bi aldiz txikiagoak direla egiaztatu beharko da.

Salbuetsita egongo dira, halaber, erretiro-adinetik gertu dauden profesionalen ibilgailuak, baldin eta titularrek egiaztatzen badute gehienez ere bost urteko kotizazioa falta zaiela erretiroa hartzeko legezko adinera iristeko, bai eta historikotzat katalogatutakoak, zerbitzu publikoetakoak, eremuaren barruan aparkatzeko plazen titularrak eta errentariak ere.

Salbuespen horiek guztiek hiru urteko indarraldia izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gasteizko Udala Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea