Gizartea -
Hezkuntza
2025-2026 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina otsailaren 3an abiatuko da EAEn
Hilaren 14ra arte egongo da zabalik epea. Aurrematrikula derrigorrezkoa da 2 urteko gelan izena emateko, ikastetxe batean lehen aldiz erregistratzeko eta hizkuntza ereduz aldatu nahi izatekotan.
Agentziak | EITB Media
EAEko ikastetxeetan aurrematrikula egiteko epea otsailaren 3an abiatuko da eta hilaren 14an bukatu, Euskadiko Aldizkari Ofizialak gaur kaleratu duen aginduaren arabera.
Agindua ikastetxe publiko zein itunpekoei eragiten die, Haur Hezkuntzako 3. mailatik aurrera (bi urteko gela). Ikastetxe pribatuei dagokienez, ikasmaila hori bakarrik ematen dutenetan ere egin behar da.
Aurrematrikulazioa seme-alabak Haur Hezkuntzako bi urteko gelan, edota ikastetxe batean beste edozein mailatan lehen aldiz izena emateko da derrigorrezko. Halaber, zentroz edo hizkuntza ereduz aldatu nahi dutenek ere egin beharko dute.
Gurasoek nahi beste ikastetxe aukeratu ahalko dituzte. Horietako bakar batean plaza lortu ezean eta inguruan erreferentziazko zentro bat izan ezean, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak beste plaza bat opatuko die erreferentzia eremuan.
Eskatzaileen zerrendak martxoaren 5ean argitaratuko dituzte, eta behin betikoak, apirilaren 15ean.