Gizartea -
EGURALDIA
Araban eta Bizkaian haizeagatik ezarritako alerta laranjak bolada bortitzak utzi ditu: Matxitxakon, 175 km/h
Alerta laranja abisu horia izatera igaro da 15:00etan, gauerdira arte. Haize zakarrak 106 gorabehera eragin ditu, gehienak zuhaitz eta hiri altzarien erorketengatik. Bilbon, esaterako, aldamio bat jausi da, eta Loiuko aireportuan bost hegaldi bertan behera geratu dira eta hiru desbideratu dituzte.
E. G. | EITB MEDIA
Haizeagatik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Bizkaiko eta Arabako haizeguneetarako ezarritako alerta laranja abisu horia izatera igaro da 15:00etan, eta indarrean egongo da gauerdira arte. Gipuzkoak, Nafarroaren zati batek eta Ipar Euskal Herriak, bestalde, abisu horian jarraituko dute.
Bizkaian eta Araban alerta 06:00etan sartu da indarrean eta, berez, eguerdira arte egon behar zuen aktibo. Dena dela, alerta 15:00ak arte luzatu dute.
Orain arte, Bizkaiko kostaldean neurtu dituzte gogorrenak. Matxitxakon (Bermeo) 175 km/h-koa erregistratu dute, eta Galean (Getxo), 155 km/h-koa.
Barnealdean, Urduñan izan da zakarrena: 142 km/h-koa, eta Zugaztietan, 127 km/h-koa neurtu dute.
Gainera, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko zuzendariak zehaztu duenez, Tobillaseko estazioan (Gaubea, Araba), haizetsua ez den eremu batean, 117 km/h-koa erregistratu dute. "Oso datu esanguratsua da", aitortu du.
Arandaren arabera, halakoetan "egoera minutu gutxian alda daiteke; leku batzuetan lasaitasuna da nagusi, eta beste batzuetan haizea oso zakar dabil". Zehaztu duenez, Aiaraldeko gune haizetsuetan, hala nola Amurrion eta Artziniegan (Araba), eta Bizkaiko Ezkerraldean (bereziki Santurtzi eta Portugalete) kontu handiz ibili behar dira herritarrak.
Behin alerta bukatu dela, EAEko haizeguneetan egun osoan egongo da aktibo abisu horia, 100 km/h-tik gorako boladak direla eta.
Gorabeherak
Haizeteak 106 gertakari eragin ditu goizaldean eta goizean goiz, SOS Deiakek X sare sozialean duen profilean jakinarazi duenez. Gehienak (72) Bizkaian gertatu dira; Gipuzkoan 31 izan dira eta Araban, hiru. Haizeak adarrak, arbolak eta hiriko altzarien zatiak bota ditu, gehienbat.
Bestalde, eguerdira arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren suhiltzaileek 14 irteera egin dituzte 06:00etatik, foru erakundeak jakinarazi duenez. Gorabehera txikiak izan dira, saneamenduarekin eta adarren erorketekin lotutakoak.
Bilbon, adibidez, Luis Briñas eta Zunzunegi kaleek bat egiten duten lekuan aldamio bat bota du haizeak. Zorionez, ez da inor zauritu.
Hego-mendebaldeko haize zakar horren eraginez, 13:00ak arte, bost hegaldi geratu dira bertan behera Bilboko Aireportuan: Santiagorako bat, Paris jatorri eta helmuga zuten bi, eta Madriletik irten eta iritsi behar ziren beste bi. Gainera, Bartzelonatik zetorren eta 10:20ean lur hartu behar zuen hegazkinak ez du lortu, eta Kataluniara bueltatu da. Gauza bera gertatu zaio 10:45ean Sevillatik irten den hegazkinari; kasu horretan, Bartzelonara bideratu dute. Era berean, Londresetik 11:25ean abiatu denak ere Bartzelonan hartu behar izan du lur.
Bestalde, Gasteizko Udalak, prebentzio neurri gisa, Arriaga, San Martin, Florida eta Prado parkeak itxi ditu. Eguerdira arte egon dira zarratuta. Udalak zehaztu duenez, goizaldean eta goizean goiz ez da gorabeherarik egon.
Era berean, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu gaur ere eskola-jarduerak, 15:00ak arte.
Abisu horiak Nafarroaren iparraldean eta Ipar Euskal Herrian
Bestalde, Aemet Espainiako meteorologia agentziak abisupean jarri ditu Nafarroako Kantauri isurialdea eta Pirineoak, 18:00ak arte.
Ipar Euskal Herrian, Meteofrancek ere abisupean jarri ditu Pirinio Atlantikoak, gauerdira arte.