Gizartea -

EITB Data

Mendi-ibiliak, txirrindularitza, gimnasioa eta igeriketa, Hego Euskal Herrian gehien egiten diren kirolak

Euskal Herrian oso errotua dago mendira joatea eta, datuen arabera, kirola egiten duten pertsonen ia erdiek aukeratzen dute mendi-ibiliak egitea. Nafarroan txirrindularitza ere nabarmentzekoa da, kirolarien % 39k aukeratzen baitute.

Kirol gustukoenak Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB Media.
Kirol gustukoenak Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB Media.
Kirol gustukoenak Hego Euskal Herrian. Argazkia: EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko biztanleek egiten ditugun kirol motak asko dira, baina gehien aukeratzen diren bostak dira mendi-ibiliak, txirrindularitza, intentsitate handiko gimnasia, igeriketa eta pilates eta yogaren tankerakoak.

Mendian ibiltzea gurean sakon errotutako ohitura da eta, beraz, mendi-ibiliak egitea da bai Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Nafarroan ere, gehien egiten den kirola. 15 urtetik gorako biztanleen % 45,9k eta % 48,1ek erantzun zuten ariketa hori egiten dutela Espainiako Kirol Ohituren Inkestan. Estatuan, aldiz, % 30ek aukeratzen dute jarduera hori.

Nafarroan txirrindularitzaren datua aipatzekoa da: kirola egiten duten pertsonen % 39k jarduera hori aukeratzen dute. EAEn, ostera, datua baxuagoa da, % 30ekoa.

Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek nahiago izaten dute intentsitate handiko gimnasia (spinning, cross training, aerobic...) egitea; % 35,5ek aukeratzen dute. Igeriketak eta pilates eta yogaren tankerakoek ere jende ugarik erakartzen dute, % 33,8 eta % 28,8, hurrenez hurren.

Nafarroan, hiru praktika horien ratioa txikiagoa da: % 30,1ek egiten dute gimnasia; % 28,8k, pilates edo yoga eta % 27,4k, igeriketa.

Neurri txikiagoan aritzen dira futbolean, korrikan, muskulazio ariketetan, padelean eta saskibaloian, adibidez.

Sasoian egoteko eta ondo pasatzeko

Sasoian egon nahi izatea da EAEko eta Nafarroako herritarrek kirola egiteko arrazoi nagusia. Hala aitortzen dute inkestatuen % 27k. Ia proportzio berean daude dibertitzeko edo entretenitzeko egiten dutenak: % 25,9, EAEn eta % 22,2, Nafarroan.

Azkenik, osasun-arrazoiak eta erlaxatzea dira aipatutako beste bi argudioak.

Bestalde, kirola ez egiteko arrazoien artean, denborarik eza (% 34,8, EAEn eta % 35,7, Nafarroan) eta interesik eza (% 28,3, EAEn eta % 27, Nafarroan) aipatu dira gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EITB Data