Gizartea -
EITB Data
EAEn eta Nafarroan, 10 biztanletik 6k astero egiten dute kirola
Aldizka jarduera fisikoren bat egiten duten herritarren kopurua handituz doa urtetik urtera. EAEn, adibidez, 2015ean % 47 izatetik, % 59 izatera igaro da. Era berean, egunero kirola egiten dutenen kopuruak ere gora egin du eta, dagoeneko, 10 herritarretik ia 3 dira.
EITB Media
Urte berrian sartzearekin batera, askok jartzen dugun helburu berrietako bat kirola egiten hastea izan ohi da. Gimnasioan izena ematen dugu edo korrika egiten hasten gara eta, kasu batzuetan, hasierako saiakera horiek denboran zehar irauten duten ohitura bilakatzen dira. Hego Euskal Herriko gizartea kirolaria da oro har. EITB Datak ostegun honetan argitaratu dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 10 pertsonatik 6k astero egiten dute kirola: % 58,9k, EAEn eta % 56k, Nafarroan.
Bi datuak Espainiako Estatuko batez bestekoaren (% 52,5) gainetik daude eta, Madrilekin batera, erkidego kirolarienak dira.
Datuen arabera, gainera, urtetik urtera gero eta gehiago dira sarritan ariketa fisikoa egiteko ohitura duten pertsonak. Izan ere, EAEn, datuak 12 puntu egin du gora 2015etik 2022ra, % 46,9tik % 58,9ra, hain zuzen ere. Nafarroan ere gorakada nabaritu da, baina leunagoa izan da, % 53,3tik % 56ra.
Hala eta guztiz ere, Europara begiratuz gero, nahiko urrun gaude Iparraldeko herrialdeetako datuetatik. Adibide gisa, Suediako biztanleen % 88k eta Danimarkakoen % 80k kirola astero egiten dutela diote.
Apur bat harago joanda, egunero ariketa fisikoa egiten dutenak 10 biztanletik ia 3 dira Hego Euskal Herrian. Hain zuzen ere, EAE da eguneroko kirolari gehien dituen Estatuko erkidegoa: biztanleen % 27,9. Nafarroa sailkapeneko bostgarren postuan dago (Kanaria Uharteen, Andaluziaren eta Murtziaren atzetik), % 24,8ko datuarekin. Estatuko batez bestekoa % 23,8 da.
Kirola egiten dutela dioten pertsonek, batez beste, hiru ordu laurdeneko saioak egiten dituzte: 49 minutu EAEn eta 45 minutu Nafarroan.
Alabaina, sedentarismoak ere badu presentzia gure inguruan. Biztanleriaren laurdenak, gutxi gora behera, ez du inolako ariketarik egiten eta aisialdiko zatirik handiena egoneko jardueretan ematen du, hala nola telebista ikusten, irakurtzen edo zinemara joaten. Zehazki EAEko biztanleen % 28,4k eta Nafarroakoen % 23,3k aitortzen dute bizitza sedentarioa dutela.
Adin-tarteei erreparatuz gero, kirol gehien egiten dutenak 25-34 urte bitartekoak dira; adin horretakoen % 65,4k egiten dute ariketa fisikoa astean behin baino gehiagotan. Bigarren postuan gazteenak daude, 15 eta 24 urte artekoak; tarte horretan daudenen % 64,8k dute kirola egiteko ohitura. 35 urtetik 74 urte bitarteko adin tarteetan % 60 inguru dira ariketa fisikoa egiten duten herritarren zenbatekoa eta handik gorakoen kasuan, berriz, datua % 45era jaisten da.
Jarduera fisikoa egiten dutenek, oro har, kirol jakin bat baino gehiago egiten dute, banaka egin daitezkeen ariketak aukeratzen dituzte gehien bat, eta aire zabalean aritzea nahiago dute.
Bestalde, gure inguruan garrantzia handia ematen zaio federatuta egoteari, txapelketa ofizialetan lehiatu ahal izateko, adibidez. 1.000 biztanleko 12,8 lizentzia daude Nafarroan eta 12,3 EAEn, eta, Kantabriarekin batera, kirolari federatu gehien dituzten bi erkidegoak dira.