Gizartea -

ARNAS APARATUKO GAIXOTASUNAK

Gripearen intzidentziak gorantz jarraitzen du Euskal Herrian; noiz joan behar dugu medikuarenera?

Gehienetan, etxean trata daitezke arnas aparatuko gaixotasunak, baina ez beti. Noiz da gomendagarria larrialdietara joatea gripeagatik?

eitb media
eitb media
eitb media

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripearen birusa gero eta gehiago ari da zabaltzen Euskal Herrian azken asteetan, baita Arnas birus sintzitiala eta bronkiolitisa. Bien bitartean, covid-19aren kasuak egonkor mantentzen dira, balio baxuetan. Hala jasotzen du Osakidetzak egindako Arnas Infekzio Akutuaren Zaintzako (AIAZ) azken txostenak, abenduko azken asteko datuak bilduta.

Urtearen hasierak, beste behin, arnas infekzio akutuak direla eta, areagotu egin ditu ospitaleratzeak, neurri handi batean gripe-kasuen gorakadarekin loturikoak. Ohiko fenomenoa da garai honetan gripe kasuen gorakada, neguko hotzak eta Gabon ospakizunek eraginda. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, batez ere adineko pertsonei eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei eragiten die.

Aurreikuspenen arabera, gainera, aste honetan nabarmen egingo dute gora gripe kasuek Euskal Autonomia Erkidegoan. Gorakada horri aurre egiteko, Osakidetzak 500 ohe gehiago jarri ditu ospitaleetan.

Nolanahi ere, eta arnas infekzio akutuek eragindako ospitaleratzeak ugaritu egin diren arren, ez da beti medikuarenera joan behar. Sintoma arinak izaten dira, oro har, eta etxean tratatu daitezke. Eztarriko mina eta azkura, sukarra, eztul lehorra, mialgia edo neke orokorra... Horiek nagusitzen dira sintomen artean, eta antitermikoak hartuz — ibuprofenoa eta parazetamola kasu—, likidoak edanez eta atseden hartuz aurre egin diezaioke.

EITB MEDIA

EITB MEDIA

Arnas gaixotasun horien sintomak astebetekoak edo zertxobait gehiagokoak izaten dira, baina eztulak bi aste edo gehiago iraun dezakeela ohartarazi dute Osakidetzatik. Sintomak areagotzen badira, gomendagarria da osasun-zentrora joatea.

Halaber, gaixoa arrisku-talde batekoa bada (haur jaioberriak, 65 urtetik gorakoak, haurdunak, immunodeprimituak, minbizia dutenak...) edo sintomak okerrera egiten badute denborak aurrera egin ahala (sukar handia, arnasa hartzeko zailtasuna...), familia-medikuarekin hitzordua eskatu behar da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Gripea Koronabirusaren olatua gaur