Gizartea -
LAPURDI
Emakume bat hil da Baionan, Trambus batek harrapatuta
Mayou zubian izan da harrapaketa, eta, istripua izan ondoren, zubia itxita egon da zenbait orduz, Jendarmeriak ikerketa-lanak egiteko.
eitb media
Emakume bat hil da gaur goizean Baionan, Trambus batek harrapatuta, berriki biziketentzako prestatutako gune batetik zihoala. Emakumeak 60 urte zituen, eta harrapaketa Mayou zubian gertatu da, Baionako herriko etxearen parean.
Berehala bertaratu dira sorospen taldeak, baina ezin izan dute ezer egin andrea salbatzeko.
Istripua izan ostean, zubia itxi dute Jendarmeria zientifikoak ikerketa-lanak egin zitzan, eta, ondorioz, hiriko garraioan eragozpen handiak sortu dira. 15:00ak aldera hasi da ohiko martxan trafikoa.
Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria istripua gertatu den lekuan izan da, Jean-Francois Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapez eta Aturri eta Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatuko (SMPBA) lehendariarekin batera, eta azken horrek doluminak helarazi dizkie Baionako bizilaguna zen biktimaren senide eta gertukoei, eta babes mezua bidali dio Txik Txak garraio publiko sareko gidariari.
Autobus gidarien sindikatuak jada ohartarazia zuen inguru hori arriskutsua zela, eremuan ez delako behar bezain ondo ikusten. Trambuseko gidaria ospitalera eraman behar izan dutela ere jakinarazi dute.
Alkateak bere aldetik jakinarazi du Trambus zerbitzua martxan jarri zenetik lehen aldiz gertatu dela horrelako zerbait.