Gizartea -

GARRAIO PUBLIKOA

Gaurtik garraio publikoa doan izango da 12 urtetik beherakoentzat Araban; Bizkaian eta Gipuzkoan, ez oraindik

Bizkaian eta Gipuzkoan 12 urtez azpikoek otsailera arte itxaron beharko dute garraio publikoan doan ibiltzeko.

Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean
Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 7tik aurrera, 12 urtez azpiko haurrek garraio publikoan doan bidaiatzeko aukera izango dute Araban, eta hurrengo asteetan Bizkaira eta Gipuzkoara ere zabalduko da neurria. Hala ere, itxura guztien arabera, otsailaren hasierara arte ez da neurria indarrean sartuko azken bi lurralde horietan.

Horrela, 12 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko Alavabus zerbitzuko autobusetan, eskualdeko garraiobideetan eta Gasteizko tranbian ibiltzeko. Gasteizko autobusetan (Tuvisa) dagoeneko doan bidaiatu ahal dute 12 urtez azpikoek. 

Gasteizen tranbia zerbitzua ematen duen Euskotren konpainiak azaldu duenez, otsailera arte 12 urtetik beherakoek ez dute BAT txartel pertsonalizatua erakutsi beharko doan bidaiatzeko. Ez dute txartelik hartu beharko, baina ikuskatzaileek beren adina egiaztatu beharko dute.

Otsailetik aurrera, ordea, BAT txartel pertsonalizatua baliozkotu beharko dute bidaia guztiak hasi aurretik, gainerako erabiltzaileek bezala.

BAT txartel pertsonalizatua egin nahi duen orok Gasteizko tranbiaren informazio bulegoan eskura dezake, urtarrilaren 7tik aurrera, 08:00etatik 19:30era.

Euskadiko Garraio Agintaritzak abenduaren 23an erabaki zuen 12 urtetik beherakoek garraio publikoa doan erabil dezaten neurria ezartzea eta garraio publikoan % 50eko deskontuak luzatzea. Eustaten datuen arabera, EAE osoko 130.400 haur izango dira neurri horren onuradunak: 22.000 Araban, 65.000 Bizkaian eta 43.300 Gipuzkoan.

Noiztik izango da garraio publikoa doan 12 urtez azpikoentzat Bizkaian eta Gipuzkoan?

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) abenduaren 26an egindako batzar orokorrean erabaki zuen % 50eko deskontuak ekainera arte mantentzea eta doakotasuna 6 urtetik 12 urtera zabaltzea.

GGLAk ohar batean azaldu duenez, neurria urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da indarrean. 12 urtetik beherako haurrek, doakotasun honetaz baliatzeko, nahitaez, Mugi gazte txartela izan beharko dute; hau da, ez dute txartel berririk eskatu behar. Hasiera batean, balioztapen prozesua honakoa izango da: haurrak txartela gidariari erakutsiko dio, eta gidariak paperezko txartela emango dio, doan. Etorkizunean, autobusetako eta trenetako sistemak egokituko dituzte, doakotasuna balioztapen automatikoaren bidez aplikatu ahal izateko, beste kasuetan egiten den bezala.

Bizkaiko Garraio Partzuergoa, bere aldetik, urtarrilaren 7an ellkartuko da epeak zehazte aldera. Hala ere, itxura guztien arabera, neurria ez da otsailaren hasierara arte aplikatuko Bizkaian; izan ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartutako erabakiak 30 egunez jendaurrean jarri behar dira herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Garraio komuna gaur Dirulaguntzak Euskadin