Gizartea -

Eguraldia

Errege Magoek euria eta tenperatura beherakada ekarri dituzte

Fronte hotz baten eraginpean izango gara egun osoan. Asteartean, hego-haizea itzuliko da, eta termometroek gora egingo dute ostera ere.

Egun euritsua Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Egun euritsua Donostian.
Egun euritsua Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Opariak ez ezik, euria eta tenperatura jaitsiera nabarmena ere ekarri dituzte Errege Magoek Euskal Herrira, urtarrilaren 6a fronte hotz baten eraginpean igaroko baitugu.  Eguneko maximoak goizeko lehen orduan neurtu dira, egunak aurrera egin ahala hoztera egingo baitu giroak. Elur-maila 1.500 metro inguruan kokatuko da, eta bereziki goizean egingo du euria. Ekaitza ere egon liteke gurean.

Asteartean, hego-haizea sartuko da berriro, eta tenperatura goxoak izango dira. Zerua estalita egongo da, baina euria egiteko aukera gutxirekin. Termometroak 16-17 graduko langara iritsiko dira kostaldean, eta 10-13 gradu inguruan ibiliko dira barnealdean.

Asteazkenerako, aldaketa gutxi espero da. Ostegunean, berriz, ipar-mendebaldeko haizea ekarriko du asteko bigarren fronte hotzak. Egun euritsua iragarri dute, eta tenperatura altuenak nekez helduko dira 14 gradura.

Aste ezegonkorra izango da, beraz, datorrena; izan ere, ostiraleko egun lasaiaren ostean, negu giroan murgilduko da larunbata. Euririk ez du botako ostiralean, eta hego-haize suabeak 16 graduraino igoko ditu termometroak (13 graduraino, barnealdean).

Larunbatean, ordea, asteko hirugarren fronte hotzak aroa makurtuko du nonahi, euriak ordu gutxi iraungo badu ere. Igandean, ateri egongo da, baina giro freskoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errege magoak