Gizartea -

Indarkeria matxista

Espetxera bidali dute Barakaldon ustez ama hiltzeagatik atxilotutako gizona

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformak deituta, bost elkarretaratze egingo dira asteartean, urtarrilaren 7an, Hego Euskal Herrian, hilketa gaitzesteko.

Barakaldon hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE
Barakaldon hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE
Barakaldon hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean Barakaldon ama hiltzea egotzita atxilotu zuten gizonezkoa espetxera bidali du Barakaldoko Guardiako epaileak igande arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Familia barruko indarkeria gisa ikertzen ari diren delitua ostiral arratsaldean gertatu zen, biktimaren etxebizitzan.

''Hilketa honek erakutsi du harreman desberdinetara egokitzeko eta hedatzeko matxismoak duen gaitasuna''
''Hilketa honek erakutsi du harreman desberdinetara egokitzeko eta hedatzeko matxismoak duen gaitasuna''
''Hilketa honek erakutsi du harreman desberdinetara egokitzeko eta hedatzeko matxismoak duen gaitasuna''

0:48

Bost elkarretaratze, datorren asteartean

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformak deituta, bost elkarretaratze egingo dira asteartean, urtarrilaren 7an, Hego Euskal Herrian. 

Bilbon, Arriaga plazan bilduko dira 19:30ean; Donostian, Boulevardean, 19:00etan; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan, 19:30ean; Iruñean, Udaletxe plazan, 20:00etan, eta Barakaldon, Bide Onera plazan, 18:30ean.

"Eraso matxista hau" salatu, eta honek ere "gure gizartearen egitura patriarkala agerian" uzten duela adierazi dute. "Hilketak indarkeria matxistaren ondorio larriena" direla ahaztu gabe, gogora ekarri dute matxismoak "milaka aurpegi dituela".

Protesta

Barakaldoko Udalak deituta, herritar talde batek "irmoki" gaitzetsi zuen atzo arratsaldean Bizkaiko udalerri horretan izandako 84 urteko emakumearen hilketa matxista.

Ustez semeak ama hil ondoren, Udalak bere "gaitzespena eta sumina" adierazi ditu ohar baten bidez. Emakunderekin koordinatuta, Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea bildu da larunbatean, eta aho batez onartu dute adierazpen instituzional bat. Horrez gain, elkarretaratzea egin dute larunbat arratsaldean, Herriko Plazan.

Protesta

Protesta

Bozeramaileen Batzordean onartutako adierazpenean, "emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak" salatu dituzte udal taldeek, eta "gaitzespenik eta suminik handiena" adierazi dituzte ostiralean "indarkeria matxistaren hilketa" izan ostean.

"Oraindik gure gizartean dauden emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazle dira indarkeria matxistak, eta Udalak horri aurre egiten dio irmo", dio oharrak.

Horrez gain, gizarte "bidezkoagoa eta parekideagoa" lortzeko konpromisoa berretsi du, "berdintasunaren aldeko politika integralak eta koordinatuak garatuz".

Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak hilketa salatzeko protesta deitu du astearterako, urtarrilaren 7rako, 18:30ean, Bide Onera plazan.

Eudelek "gaitzespenik irmoena" adierazi du

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak "gaitzespenik irmoena" agertu du ostiralean Barakaldon izandako krimenaren aurrean.

Ohar batean, biktimaren senideei eta hurbilekoei elkartasuna adierazi ondoren, Eudelek esan duenez, heriotzek "emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren alderdi bat" baino ez dute erakusten, eta, horren arabera, indarkeria hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eragiten du.

"Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko", adierazi du elkarteak, eta horren harian nabarmendu du "sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen" jarraituko duela, "etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia".

Gizon batzuk borrero bihurtzen dituen "matxismoa geldiarazteko" deia egin du Emakundek

Ohar baten bidez, Emakundek irmo gaitzetsi du Barakaldon ustez semeak hil duen emakumearen hilketa, eta gizartea "matxismoa geldiaraztera" deitu du, gizon batzuk "borrero edo tratu txarren emaile" bihurtzen dituelako.

Era berean, herritarrei dei egin die deitzen diren protesta-kontzentrazioetan parte hartzera.

Halaber, indarkeria matxistaren "gogortasuna eta konplexutasuna" nabarmendu ditu oharrean. Kasu honetan, "familia-testuinguruan" gertatu den krimena izan bada ere, indarkeria matxistak "hedatzeko, transmititzeko eta harreman mota desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna" azpimarratu du Emakundek.

"Berdintasunaren alde lan egitea da hori prebenitzeko biderik eraginkorrena", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Barakaldo Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak