Gizartea -
Gipuzkoa
Emakume bat atxilotu dute Azpeitian, supermerkatu batean lapurtu eta langile bati eraso egiteagatik
Supermerkatuko langile batek aparkalekuan harrapatu zuen, 450 eurotik gorako balioa zuen produktu-orga bat zuela. Horrek eraso egin eta ihes egin zuen. Indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzi diote emakumeari, eta berarekin zihoan adingabea, berriz, ikertu gisa geratu da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak emakume bat atxilotu du Azpeitiko supermerkatu batean adingabe batekin batera salgaiz betetako orga bat lapurtzea egotzita. Ustezko lapurrek produktuak aparkalekuraino atera zituzten, eta langile batek geldiarazi zituen bertan. Orduan, eraso egin zioten, eta ibilgailu batean ihes egin zuten ondoren.
Gertakariak atzo izan ziren, 17:10ean, Azpeitiko (Gipuzkoa) supermerkatu batean. Bertako langile batek emakume bat eta adingabe bat harrapatu zituen aparkalekuan, orga batean 450 eurotik gorako balioa zuten produktuak lapurtu ostean.
Horren berri izandakoan, Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren, eta supermerkatuko langileek esan zietenez, ustezko lapurrek establezimenduko langile bati eraso zioten eta, ondoren, bertan aparkatuta zegoen ibilgailu batean ihes egin zuten.
Minutu batzuk geroago, beste patruila batek Azkoitiko sarreran aurkitu zuen ibilgailua, eta barruan zihoazen sei bidaiariak identifikatu zituen, lapurretaren ustezko egileak tartean.
Identifikatu ondoren, agenteek emakumea atxilotu zuten, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita, eta adingabea, berriz, aske utzi zuten.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko eginbideak egin, eta, horiek amaitutakoan, epailearen esku uzteko.