Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Ertzaintzak Barakaldoko emakumearen hilketa ikertzen jarraitzen du
Biktimaren semea ertzain-etxera eraman dute, 84 urteko amaren hiltzailea delakoan.
agentziak | eitb media
Ostiralean Barakaldon 84 urteko emakume bat ustez hiltzeagatik atxilotutako gizona ertzain-etxera eraman dute, eta Ertzaintzak irekitako ikerketaren lehenengo zantzuen arabera, familia barruko indarkeria kasu bat izan liteke. Biktima atxilotuaren ama zen.
Ustezko hilketa ostiralean izan zen, 16:30 aldera. Ertzaintzak Arrandi kaleko bizilagunen deiak jaso zituen, etxebizitza batean eztabaida gogorra eta oihuak entzun zirela eta. Herriko Plazaren ondoan dagoen etxebizitzara iritsitakoan, emakume bat hilik aurkitu zuten.
Polizia zientifikoko agenteak arratsalde osoan aritu ziren etxebizitzan lanean, eta gaueko hamarrak aldera atera ziren bertatik, kartoizko hiru kaxa eskuetan hartuta.
Bizkaiko Foru Aldundiak hilketa matxista gaitzetsi, eta emakumeen aurkako "edozein indarkeria desagerraraztearen aldeko apustua" berretsi du, "mespretxuak, umiliazioak eta jokabide iraingarriak barne".
Aldundiaren gaitzespenaren arabera, "matxismoaren gehiegikeriei eremu guztietan aurre egin behar zaie, arlo pribatuan hasi eta publikoan amaitu, emakumeen bizitza eta askatasuna ez baitira eztabaidagarriak".
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak "doluminak eman dizkie eraildako emakumearen senideei eta hurbilekoei, eta haien eskura jarri ditu biktimei laguntzeko bere zerbitzu guztiak.
2004tik gaurdaino, 37 emakume hil dituzte Bizkaian, eta beste horrenbeste izan dira hilketa saiakera baten biktima.