Gizartea -

Kamioiaren istripua

AP-8 autobidea guztiz ireki dute Deban, ostiraleko gorabeheren ostean

Zisterna-kamioi bat iraultzeak trafiko arazo handiak eragin ditu inguru horretan, eta zirkulazioa erabat etenda egon da zenbait orduz.

Suhiltzaileak, istripuaren lekuan. EITB Media
Suhiltzaileak, istripuaren lekuan.
Auto-ilara luzeak AP-8an, Deba parean, kamioi bat irauli ostean

0:33

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-8a erabat ireki dute Deba parean. Ostiral goizean goiz zisterna-kamioi bat irauli da, eta ondorioz, errepidea itxi behar izan dute bi noranzkoetan, eta auto-ilara luzeak sortu dira N-634 errepidean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 18:30ean, errei bat ireki dute noranzko bakoitzean, "errei motela", "larunbat honetan erdibitzailea konpontzen amaitu arte". Horregatik, barrualdeko erreiak itxita egon dira.

Istripua izan duen kamioia bidearen alde batera mugitu dute, kentzeko eta eramateko zain. Operazio "oso zaila" izan da, eta "koordinazio-lan handia" egin behar izan dute, "errepidera isuritako materiala sukoia baitzen".

Ildo horretan, foru erakundeak adierazi duenez, "segurtasun protokoloek ahalik eta arreta handiena eskatzen dute, eta ez diote zirkulazioa berrezarri erabateko segurtasuna bermatu arte".

Kamioiak istripua izan du Itziarko tunelaren irteeran, eta, ondorioz, AP-8 autobidea itxi behar izan dute. 12:30ean, launa kilometroko ilarak zeuden Bilboko eta Irunerako noranzkoetan. Gainera, trafikoa N-634tik bideratzen ari zirenez, ibilgailuak pilatu dira bertan, eta hainbat kilometrotako pilaketak sortu dira bigarren mailako errepide horretan ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak AP-8 autobidea ez erabiltzeko eta saihesteko gomendioa eman du.

Ezbeharra 08:00ak aldera gertatu da, kerosenoa zeraman zisterna-kamioi bat errepidetik atera eta irauli egin denean, Itziarko tunelaren irteeraren parean, AP-8 autobidean. Irunerako noranzkoan zihoan kamioia gurutzatuta geratu da, eta galtzadaren bi noranzkoei eragin die. Kamioilaria zauritu egin da eta Mendaroko Ospitalera eraman behar izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Lan-istripuak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Deba Albisteak A-8 Autobidea