Gizartea -

Errege Magoen desfileak

Ilusioz jantzi dituzte hiriburuak Errege Magoek

Meltxor, Gaspar eta Baltasar trenez iritsi dira Gasteizera, eta funikularrean Donostiara. Bilboko udaletxean harrera egin dute, eta Iruñera arratsaldean iritsi dira.

Errege Magoak Donostian. Argazkia: Iratxe Eizagirre, Euskadi Irratia.
Errege Magoak Donostian. Argazkia: Iratxe Eizagirre, Euskadi Irratia.
Kolorez, magiaz eta ilusioz bete dituzte euskal hiriburuetako kaleak Errege Magoek

0:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Magoak haur guztientzat opariz beteta iritsi dira Euskal Herrira. Goizean egin dute sarrera ia hiriburu guztietan, eta haurrak agurtzen eta azken gutunak jasotzen igaro dituzte orduak iluntzeko desfileetan atera aurretik. 

Zazpi karroza eta 300 parte-hartzaileko desfilea Gasteizen

Meltxor, Gaspar eta Baltasar 11:00etan heldu dira Gasteizko tren-geltokira. Udaletxetik agurtu dituzte bertan bildutakoak, eta umeak hartu dituzte Goiuri jauregian. Gero, hiriko kaleetan desfilatu dute, laguntzaileekin batera. Zazpi karroza eta 300 parte-hartzaile izan dituzte lagun Errege Magoek Gasteizko kaleetan zehar.

Errege postariekin batera, eta opariz betetako traktore bat dutela, Dato kalea zeharkatu dute Plaza Berriraino. Udaletxean hiriko umeak agurtu dituzte.

Errege Magoek Gasteizko umeak hartu dituzte Goiuri jauregian, Frai Zacarias kaleko sarreratik, 12:15etik 18:00etara. Arratsaldean, Bilbo plazatik irten da Errege Magoen desfilea, 19:00etan, eta kale hauek igaro ditu: Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla eta Laskarai. Gasteiz hiribideak eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleak bat egiten duten bidegurutzean amaituko da.

10 karroza Bilbon

Bilbon, haurrentzako film ezagunetako pertsonaiak oinarri hartuta diseinatutako 10 karrozei esker, munduan barrena bidaiatzeko gonbita egin dute Errege Magoek. 18:00etan abiatu da desfilea Kale Nagusitik. Aurrez, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, udaletxean agurtu dituzte umeak; aurten harrerak iaz baino ordubete gehiago iraungo du. Digitalizazioaren garaian, haurren gutunetan denetariko eskariak jaso arren, Gaspar erregeak betiko jostailuen alde egin du.

Euskal Herrira iristeko bidaia luzea egin eta munduaren egoera ikusita, bakea eskatu diote Bilbon Erregeek 2025ari, gerren ondorioak pairatzen ari diren umeak gogoan, eta haur izateko duten eskubidea aldarrikatuta.

Iluntzean, Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu dituzte berriro, ohiko kalejiran. Desfilea 18:00etan abiatu da Kale Nagusitik, Maria Diaz de Haro kalearekin bat egiten duen tokian, eta udaletxean amaitu da; bertan, balkoi nagusitik mezua eskaini dute.

Donostiako auzoetan zehar

Ohi bezala, goizean iritsi dira Errege Magoak Donostiara, nola ez, Igeldoko funikularrean. Handik Konstituzio plazara joan, eta 10:30ean udaletxe zaharreko balkoitik herritarrak agurtu ostean, ibilbide txiki bat egin dute Parte Zaharrean zehar, Errege postariak eta Joselontxos txaranga lagun dituztela. 11:00etan, laguntzaile eta guzti irten dira Hernani kaletik, Rolls-Royce batean, hiriko hainbat auzotan ibiltzeko (Altza, Intxaurrondo, Martutene, Loiolako Erriberak eta Antigua), eta Alderdi Ederren amaitu dute euren ibilbidea.

Arratsaldean, Errege Magoek harrera egin diete udaletxean bertaratu nahi duten guztiei. Hiriko erdiguneko desfilea 18:00etan hasi da Boulevardetik. Bost karrozak parte hartu dute, eta kale hauetatik ibili dira: Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa Plaza eta Legazpi, Boulevardean amaitzeko.

Desfilea amaituta, Errege Magoek Ballesol Easo, Matia Rezola eta Bermingham egoitza-zentroak bisitatuko dituzte.

Iruñeko desfilean, ibilbide bera baina parte-hartzaile gehiago

Errege Magoak Iruñera itzuli dira, eta, ohi bezala, Frantziako ataritik sartu dira 16:30 aldera, handik udaletxera joateko. 

Desfilea 19:00etan hasi da Santa Katalina Ikastetxean (Abejeras kalea), eta Foru Plazarantz jarraituko du, hiriko kale eta plaza nagusietatik igarotzeko Erriberri kaleraino.

Desfile inklusiboak

Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek kontuan hartu dituzte autismoa edo desgaitasunen bat duten haurrak, desfileaz gozatzeko aukera izan dezaten, baztertuta sentitu gabe.

Estimuluz beteta daudenez, desfileak jasanezinak dira autismoa eta hipersentikortasuna duten haurrentzat. Hori dela eta, Bilbon, adibidez, udaletxean Errege Magoek harrera egiten dutenean, ez da musikarik egoten kanpoan, ingurune egokia izateko. Gasteizen, halaber, desfilearen zati bat autismoa duten haurrentzat gorde dute.

Donostian, desgaitasunen bat duten haurrentzako gune bereziak izaten dira aspaldidanik, desfileaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Iruñean, desfileak bi eremu gordetzen ditu desgaitasuna duten pertsonentzat, baina ez daude espresuki autismoa dutenentzat egokituta. Hala ere, zarata gutxiago sortzen saiatuko dira Zaragozako etorbideak eta Gazteluko plazako lehen zatiak bat egiten duten tokian. Bi espazioak boluntarioek kontrolatu eta zainduko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Errege magoak