Gizartea -
LOTERIA
EAEko biztanleek batez beste 23,22 euro gastatu dituzte Erregetako loterian
94974 zenbakiak (Lehen saria 2024an) 5 milioi euro baino gehiago utzi zituen iaz EAEn. Erregetako loteria 19 aldiz erori da Bilbon, bederatzitan Donostian eta behin Gasteizen.
Agentziak | EITB MEDIA
Astelehen honetan izango den Erregetako loteriarako 257.597 txartel jokatuko dira EAEn. Guztira, 51,5 milioi euro izango dira jokoan. EAEko biztanle bakoitzak batez beste 23,22 euro gastatu ditu horretan, Espainiako Estatuko Loteria eta Apustuak erakundeak zabaldutako datuen arabera.
Datuak behin-behinekoak diren arren, Erregetako loterian gastu gehien egiten duten autonomia erkidegoen artean bosgarrena da Euskadi, eta Estatuko batez bestekoa (18,20 euro) baino 5 euro gehiago gastatu du biztanle bakoitzak.
Bizkaian gainerako lurraldeetan baino gehiago gastatu dute: 29,85 euro biztanleko. Araban, berriz, batez beste 17,77 eurokoa izan da biztanleko gastua, eta Gipuzkoan, 15,23koa.
Iazko urtarrilaren 6ko zozketan, 47,6 milioi euroko salmentak izan ziren; beraz, batez beste, EAEko biztanle bakoitzak 21,45 euroko gastua egin zuen. Erdia baino gehiago, 30,6 milioi, Bizkaian saldu zen (26,51 euro bizkaitar bakoitzeko); Gipuzkoan, 11,3 milioi euroko gastua egin zen (15,62 euro gipuzkoar bakoitzeko), eta Araban txikiagoa izan zen gastu orokorra (5,64 milioi) baina handiagoa biztanleko (16,75 euro arabar bakoitzeko).
94974 zenbakiak (Lehen saria 2024an) 5 milioi euro baino gehiago utzi zituen Euskadin. Erregetako loteriaren lehen saria 18 aldiz erori da Bilbon, bederatzitan Donostian eta behin Gasteizen, Espainiako Estatuko Loteria eta Apustuak erakundearen datuen arabera.
Zozketa urtarrilaren 6ko 12:00etan hasiko da, eta saritutako zenbakiak eitb.eus-en kontsultatu ahalko dira.