Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gripearen epidemiaren gailurra bizpahiru astetan iritsiko da, Pello Latasaren esanetan

Gripe kasuek oraindik goia jo ez dutela argi utzita, nabarmendu du urtaro honetarako espero ziren datuak jaso direla, alegia, aurreko asteetan baino inzidentzia altuagoa dugula, baina aurreko denboraldietan baino baxuagoa.

Erizain bat emakume bati gripearen txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizain bat emakume bati gripearen txertoa jartzen
Erizain bat emakume bati gripearen txertoa jartzen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripearen eragina aztertze bidean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko epidemiologia eta txertaketa arduradun Pello Latasak udazken-negu honetako datuei errepasoa egin die Euskadi Irratian, ostiral goiz honetan.

Gripe kasuek oraindik goia jo ez dutela argi utzita, nabarmendu du urtaro honetarako espero ziren datuak jaso direla, alegia, aurreko asteetan baino inzidentzia altuagoa dugula orain Euskal Autonomia Erkidegoan, baina aurreko denboraldietan baino baxuagoa, bai Lehen Mailako Arretan eta baita ospitaleetan ere.

"Seguraski, epidemiaren gailurra aurrerago etorriko da, jendea ikastetxeetara eta lantokietara bueltatzen denean, hau da, urtarrileko bigarren edo hirugarren astean neurtuko dira kasu gehien. Beraz, aurtengo joera ikusteko denbora gehiago beharko dugu", azpimarratu du.

Lurralde batetik bestera, kopuru aldetik, ezberdintasunik dagoen galdetuta, Latasak esan du Gipuzkoan pixka bat handiagoa izan dela orain arteko inzidentzia, eta adinari dagokionez, 14 urtetik beherakoetan duela eraginik nabarmenena. "Dena dela, kasu larrienak adineko pertsonetan eman dira, bereziki gaitz kronikoak dituzten gaixoetan", erantsi du.

Horren aurrean, txertatzera animatu du jendea, prebentzio tresna onena dela argudiatuta, eta adierazi du kanpaina honetan umeetan "estaldura handiagoa" lortu dela, "txertaketa modu berriei esker".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gripea