Gizartea -

Osakidetza

Gora egin dute gripeak eragindako ospitaleratzeek eta behera bronkiolitis kasuek EAEn

Gripeak eragindako ospitaleratzeak 100.000 biztanleko 3,2raino igo ziren 2024ko azken astean. Aurreko zazpi egunetan 1,9ko ospitaleratze tasa izan zen. Gripearen intzidentziari dagokionez, 100.000 biztanleko 33,8 kasukoa da.

Basurtuko Ospitalea. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitalea. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitalea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gripeak eragindako ospitaleratzeek gora egin dute 2024ko azken astean, eta bronkiolitisaren intzidentziak behera egin du bi urtetik beherakoen artean. Urtarrilaren bigarren astean gripeak infekzio kopururik handiena eragitea espero da.

Osakidetzak argitaratutako azken txostenak abenduaren 23tik 29ra bitarteko aldia jasotzen du. Zehaztu duenez, aste horrek jaiegun bat izan zuen eta horrek eragin nabarmena du "datuen balioan", batez ere lehen mailako arretan.

Hori kontuan hartuta, datuek adierazten dute gripearen kasuan intzidentzia-tasa 33,8 kasukoa dela 100.000 biztanleko, aurreko asteko 33,7 kasuen ia antzekoa.

Gripeak eragindako kasu larrien kopuruak gora egin du, izan ere, ospitaleratzeak 100.000 biztanleko 3,2raino igo dira, aurreko zazpi egunetan 1,9 izan ziren bitartean.

Lehen mailako arreta sarean, arnas infekzioen tasa 461,4koa izan zen 100.000 biztanleko, aurreko asteko 530,3 kasuen azpitik.

Lurraldeka, arnas infekzioen intzidentzia handiagoa da Gipuzkoan (486,2 kasu), gero Bizkaian (474,4) eta azkenik Araban (363,2).

Bronkiolitisa, bi urtetik beherakoetan, jaitsi egin zen: 100.000 biztanleko 694,7 kasu izan ziren, eta 1061,7 abenduaren 16tik 22ra bitartean. Covidaren intzidentziak txikia izaten jarraitzen du, 1,3 kasutan baitago, aurreko zazpi egunetan bezalaxe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Gripea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak