Gizartea -
EGURALDIA
2025a hotz eta eguzkitsu hasi da, baina fronte batek lainoak ekarriko ditu bihartik aurrera
Barnealdean zeroz azpitik izan dituzte termometroak, baina eguzkiari eta hego haizeari esker gora egin dute, baina 10-15°C-ko langa gainditu gabe.
EITB Media
2025a aldaketa nabarmenik gabe abiatu dugu, eguraldiari dagokionez, bederen. Hotz egin du goizean, eta eguzkia da jaun eta jabe zeruan. Aro hori izango dugu, hain justu, egun guztian nagusi, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera. Bihartik aurrera, baina, aldaketak etorriko dira, fronte bat hurbilduko baita; hodei gehiago izango ditugu eta tenperaturek koxka bat egingo dute gora.
Urteko lehen egun honetan, giro egonkorrak eta eguzkitsuak jarraipena izango du. Aldaketa egunaren amaieran etorriko da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko baitira. Eguna hotzetik hasi dugu, eta barnealdeko zenbait txokotan izotzak bazterrak zuritu ditu. Gasteizen eta Iruñean, esate baterako, -3 graduko tenperaturak neurtu dira. Gainerako hiriburuetan goiza epelagoa izan da, eta 0 graduko tenperaturak gainditu dira. Egunak aurrera egin ahala, termometroek gora egingo dute, kostaldetik gertu hego ukituko haizea bizitu egingo baita. Bilbon, Donostian eta Baionan 15 gradu ingurura igoko da merkurioa. Gasteizen eta Iruñean, aldiz, 8 gradu ingurukoak izango dira maximoak.
Ostegunean aldaketa nabarituko dugu. Fronte bat gerturatuz joango da eta hodeiak ugaritu egingo dira. Goizean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak sartuko dira. Arratsaldean, ostera, trinkoagoak izango dira, baina litekeena da ateri eustea. Hego-mendebaldeko haizea apur bat harrotuko da. Tenperatuei dagokionean, gauekoek gora egingo dute eta zailagoa izango da izotza egitea. Horrela bada, minimoak 0 graduren gainetik geldituko dira barnealdean eta 5 graduak gaindituko dituzte kostaldean. Altuenek, aldiz, ez dute aldaketa nabarmenik izango: 14 gradura iritsiko dira Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 8 edo 9ren bueltan geldituko dira Iruñean eta Gasteizen.
Azkenik, ostiralean lainotuago egongo da zerua. Egunaren bigarren zatian hodei trinkoak iritsiko dira eta han-hemenka euri apur bat egin dezake. Haizea hegoaldetik sartuko da eta mendebaldean biziago ibiliko da. Tenperaturek ez dute aldaketa nabarmenik izango.