Gizartea -
Erasoa
Gizon batek bost pertsona zauritu ditu labanaz Oñatin
Erasoa taberna baten kanpoaldean izandako borroka batean izan da. Zaurituak (lau gizon eta emakume bat) erietxera eraman behar izan dituzte eta Ertzaintzak erasotzailea atxilotu du.
EITB Media
32 urteko gizon batek bost pertsona zauritu ditu labanaz goizaldean Oñatin (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Aipaturiko iturri horren arabera, erasoa goizaldeko 06:25ean izan da taberna baten kanpoaldean sortu den borroka batean.
Uneren batean, zenbait lagun tartean sartu dira borroka geldiarazten saiatzeko eta, orduan, parte hartzen ari zenetako batek labanaz eraso egin die bost pertsonari.
Erasotzaileak bost lagun zauritu ditu: lau gizon eta emakume bat. Bostak Arrasateko erietxera eraman behar izan dituzte eta horietako bati ebakuntza egin behar izan diote.
Ertzaintzak erasotzailea atxilotu du lesio delitua leporatuta, eta ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. Aipaturiko gizonak epaile baten atxilotze agindua zeukan.
Bien bitartean, atxilotuak polizia etxean jarraitzen du epailearen aurrean noiz deklaratuko zain.