Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru emakume hil dituzte haien bikotekide gizonezkoek Euskal Herrian 2024an
Horrez gainera, bikotekide ez ziren gizonek hiru emakume hil dituzte eta, azkenik, Urruñako emazte bat desagertuta dago ekainetik eta haren senarra espetxean dago, ustezko hilketa leporatuta.
EITB Media
Amaitzear den 2024an urtean hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian haien gizonezko bikotekideek, laugarren bat desagertuta dago eta haren senarra espetxean sartu zuten, ustezko hilketa egitea leporatuta. Horrez gainera, beste hiru emakume nfeminizidioen biktima izan dira.
Donibane Lohitzunen izan zen lehenengo hilketa matxista, maiatzaren 3an. Bertako hotel batean indarkeria zantzuak zituen emakume baten gorpua aurkitu zuten eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Bi aste lehenago, Ziburuko hotel baten balkoitik erori zen emakume hori bera.
Irailean, berriz, 31 urteko Yanely Gonzales hil zuen bikotekideak Bilboko Santutxu auzoan, labankadaz.
Eta azaroaren 30ean, 45 urteko Leonor hil zuen Pasaian 53 urteko bikotekideak, emakumearen alabaren aurrean.
Horrez gainera, gizonek hiru emakume euskal herritar hil dituzte 2024an.
Uztailean, Eneritz Argintxona bizkaitarraren gorpua aurkitu zuten Panaman, buruan kolpea zuela eta ustezko bi hiltzaileak kartzelan sartu zituzten, feminizidioa leporatuta.
Urriaren 9an, berriz, Iruñeko Arrotxapea auzoan 20 urteko gazte bat hil zuen gizon batek, labanaz eraso eginda. Orube berberean bizi ziren eta ustezko hiltzaileak arazoak zituen bertako biztanleekin.
Gasteizen izan zen hurrengo hilketa. Gizon batek adineko emakume bat hil zuen zahar-etxe batean azaroaren 28an.
Azkenik, ekainaren 21etik desagertuta dago Urruñan Laure Zacchello erizaina. Haren senarra espetxean dago, ustezko hilketa egitea leporatuta.