Gizartea -
Gipuzkoako Lurralde Auzitegia
Reala-PSG partida atariko Ertzaintzaren kargetan zauritutako bigarren emakume baten kasua ikertuko dute
Martxoaren 5ean, Txapeldunen Ligako norgehiagokaren atarian, izandako Ertzaintzaren kargetan zauritutako pertsona bakarra ez zen Amaia Zabarte izan. Maria izeneko emakume batek ere jarri zuen salaketa.
EITB Media
Martxoaren 5ean Realak eta PSGk jokatu zuten Txapeldunen Ligako partida atarian izandako Ertzaintzaren kargetan zauritutako pertsona bakarra ez zen Amaia Zabarte izan. Maria izeneko bigarren emakume batek ere jarri zuen salaketa, eta hasiera hartan artxibatu egin bazuten ere, kasua ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Partida aurreko istiluen biharamunean, mediku agiria eskutan zuela aurkeztu zuen salaketa Maria izeneko emakumeak. Ertzaintzaren kargetako batean pilota edo jaurtigailu batek begian zauritu zuela salatu zuen, baina hurrengo egunean artxibatu zuen kasua epaitegiak.
Helegitea aurkezteko familiak Iker Sarriegi abokatuarengana jo zuen. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak kasua ikertzeko agindu du orain. Ertzaintza ez den polizia batek ikertzeko ere eskatu zuen familiak, baina horrek ez du erantzunik jaso. Iker Sarriegi abokatuaren hitzetan, "gutxienekoa da eskatzen dutena".
Amaia Zabarteren kasuari dagokionez, familiak jakinarazi du urtarrilaren 13an egingo diola azterketa auzitegiko medikuak.