Gizartea -
Polizia operazioa
11 pertsona atxilotu eta Iruñean drogarekin trafikatzen zuen talde bat desegin dute
Ikerketaz arduratu diren poliziek hainbat motatako drogak, pistola bat, arma zuriak eta 5.450 euro aurkitu dituzte.
EITB Media
Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Polizia Nazionaleko Nafarroako agenteek Iruñean drogarekin trafikatzen zuen talde bat desegin dute, batera egindako operazio batean. Hamaika pertsona atxilot dituzte, eta horietako bost espetxean daude oraindik, behin-behineko espetxealdian.
Iruñeko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko epaile titularrak zuzendu duen ikerketan, zazpi miaketa egin dituzte, Polizia Nazionalak zabaldu duenez, sei Iruñean eta bat Valdelaguna Madrilgo udalerrian. Ustezko delitugileetatik bederatzi Foru Erkidegoan atzeman dituzte, eta beste biak Madrilen.
Polizia operazioan, hainbat talde berezik hartu dute parte, halan nola GOES Segurtasun Bereziko Zaragozako Talde Operatiboak, talde kriminaleko kideak oso arriskutsuak zirelako eta su armak zituztelako.
Operazio honetan, Iruñean gai estupefazienteak saltzen zituen talde kriminal bat desegin dute, eta hauek atzeman dizkiete kideei: 2 kg kokaina, 761 pilula MDMA, 4 pilula estasi, zehazteko dauden 221 pilula, 31, 7 g ketamina, 27,5 g marihuana, 25 g haxix eta 25 g tusi.
Halaber, Star markako 9 mm parabellum pistola bat ere atzeman dute, baita kargagailu bete bat, hainbat arma zuria (hiru matxete handi eta puñal bat), zazpi doitasun balantza eta gai estupefazienteak prestatzeko bestelako materiala, sakelako hiru telefono, monopatin bat eta 5.450 euro eskudirutan.