Gizartea -
Segurtasuna
Eusko Jaurlaritzak diskoteketako ikuskapenak areagotu ditu Urtezahar gauean segurtasuna bermatzeko
Ertzaintzak EAEko 8 lokal ikuskatu ditu, 700 lagunetik gorako edukiera dutenak. Urtarrilaren 1eko goizaldean kontrolak areagotuko dituzte.
EITB MEDIA
Ertzaintzak ikuskapenak eta kontrolak egin ditu EAEko diskoteka handietan, urte amaierako ospakizunak segurtasun-baldintzetan eta lurraldeko ikuskizunen araudia betez egiten direla bermatzeko.
Ikuskapenak abenduaren 27tik atzo (astelehena) arte egin zituzten, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatuta. Guztira, 700 lagunetik gorako edukiera zuten 8 lokal ikuskatu zituzten: 4 Bizkaian, 2 Araban eta 2 Gipuzkoan.
Kontrol horiek urtarrilaren 1eko goizaldean indartuko dituzte, eta Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateko agenteek jaien garapen egokia egiaztatuko dute.
Egun hauetan, Ertzaintzako agenteek miaketak egin dituzte 8 establezimenduetan, lokalaren konfigurazioan aldaketak antzemateko batez ere. Horrez gain, urte amaierako ospakizunetara joango direnen segurtasuna alda dezakeen attrezzo berria jarri ote den ikuskatu dute, baita jantzitegia kudeaketa nolakoa den, piroteknia-gaiak erabiliko den eta lokalaren ohiko jarduera aldatzen duten beste egoera batzuk ere.
Era berean, ikuskapenak egin bitartean, honako hauek egiaztatu dituzte: lokaletako autobabes-planak indarrean daudela, langileak eta segurtasun pribatuko zerbitzuak behar bezala gaituta daudela, larrialdietan eginkizunak nola banatzen diren, ebakuazio-bideen seinaleztapena eta funtzionaltasuna, eta suteen aurkako babes-sistemak, erregelamenduzko berrikuspenak betetzen dituztela bermatuz.
Gaueko kontrolak
Urtezahar gauean, Ertzaintzak aurreratu du lokalen barruko ikuskapenak areagotuko dituela, kanpoan prebentzio-lanak egingo dituzten herritarren babeserako agenteen laguntzarekin.