Gizartea -
Indarkeria matxista
60 urteko gizon bat atxilotu dute Madrilen, 29 urteko emakume bat hil duelakoan
Bart izan da hilketa. Agenteek emakumea hilotz topatu dute, lepoan eta eskuineko besapean arma zuriz egindako zauriak zituela. biktima ustezko hiltzailearekin bizi zen, nahiz eta gizonak emakumearekiko urruntze-agindua indarrean izan.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak 60 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen honetan Madrilen, Usera barrutiko etxebizitza batean 29 urteko emakume paraguaitar bat hiltzea egotzita.
Madrilgo Poliziaren Buruzagitza Nagusiak jakinarazi duenez, bart izan da hilketa, 02:00 inguruan, Userako etxebizitza batean. 112ak abisu eman ostean, agenteek emakumea hilotz topatu dute, lepoan eta eskuineko besapean arma zuriz egindako zauriak zituela.
Osasun-langileek heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin, eta Espainiako Poliziaren Herritarren Arretarako Taldeko kideek ustezko erasotzailea atxilotu dute handik gertu.
Polizia Zientifikoko agenteak eta Giza Hilketen VI. taldea bertaratu dira eta haiek hartu dute ikerketaren ardura.
Francisco Martin Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak gaur goizean jakinarazi duenez, biktima ustezko hiltzailearekin bizi zen, nahiz eta gizonak emakumearekiko urruntze-agindua indarrean izan.
Hori dela eta, agintarien lana zorroztea eskatu du, eraso matxisten biktima diren emakumeek "mendekotasun ekonomiko eta emozionaleko zirkuluekin hautsi eta indarkeriatik ateratzeko beharrezko baldintzak sor ditzaten". Ordezkaritzak 2025ean "horretan jarraituko" duela azaldu du.
Honekin, 47 dira aurten Espainiako Estatuan gizonek eraildako emakumeak, 1.292 emakume 2003tik.