Gizartea -
Erasoa Arrigorriagan
Elkarretaratzea egin dute Arrigorriagan, herritar batek jasotako jipoia salatzeko
13:00etan izan da elkarretaratzea, udaletxeko plazan, biktimari eta gertukoei elkartasuna adierazteko. Herriko merkatari bati eraso zioten hiru lagunek, eta, ondorioz, larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Erasotzaileetako bat atxilotu dute, eta beste biren bila ari dira.
eitb media
Arrigorriagako Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian udaletxeko plazan herritar batek bere dendan jasandako erasoa salatu eta biktimari babesa adierazteko.
Gutxienez hiru gizonek egin zioten eraso ostiralean txinatar jatorriko merkatariari. Jipoia zela eta, ospitaleratu egin behar izan zuten, baina etxean da jada. Beso bat eta hanka bat hautsita ditu, eta kolpe handia du begi ondoan. Horren bilakaeraren zain daude ebakuntza egiteko.
Elkarretaratzean, Maite Ibarra alkateak Arrigorriagako Udalaren oharra irakurri du. "Horrelako ekintzak guztiz onartezinak dira eta ez dute tokirik ez Arrigorriagan ez inon", ohartarazi du.
Era berean, "elkarrizketarekin, besteekiko errespetuarekin, bizikidetzarekin, bakearekin eta askatasunarekin duen konpromisoa berresten du eta erasoa jasandako pertsonari eta bere familiari elkartasuna, gertutasuna eta babesa" adierazi dizkio Udalak.
Ez zen gizonarekin liskarra zuten lehen aldia
Biktimaren alabetako batek azaldu duenez, aurretik ere egin diote trabarik. Ostiralean, zortzi bat lagun hurbildu ziren Severo Otxoa kalean duen dendara, hiru barrura sartu ziren, eta gauzak tokiz aldatzeari ekin zioten. Hori dela eta, merkatariak kargu hartu zien, eta atzetik joan zitzaien, errieta eginez. Orduan, gazteetako batek kolpe bat eman zion eta lurrera erori zen. Lurrean zela, beste bi gazte ostikoka hasi zitzaizkion, eta, ondoren, korrika ihes egin zuten.
Biktimak senide bati deitu zion, hark lurrean topatu zuen eta larrialdi zerbitzuei deitu zien.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gorroto delitua izan ote den argitzeko. Erasotzaileetako batek, 20 urteko gizon batek, bere burua entregatu zuen ertzain-etxean, eta epaile aurrera eraman zuten atzo. Ikerketak irekita jarraitzen du, eta gutxienez beste bi lagunen bila ari dira.