Gizartea -
GABONAK
Piroteknia Urtezahar gauean: debekua Donostian eta Iruñean, eta arduraz jokatzeko eskaera Bilbon eta Gasteizen
Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan debekatuta dago kalean erabiltzea, Gasteizen urteko lehenengo ordu laurdenean baimenduta dago, eta Bilbon arduraz erabiltzeko eskatu dute.
eitb media
Urtero legez, eguberriek eta urte berriak ospakizunak ekartzen dituzte beraiekin, eta horri piroteknia batuz gero, ezbehar larriak izan ohi dira.
Hori horrela, udalek araudiak dituzte material piroteknikoaren erabilera mugatzeko, ezbeharrak eragozte aldera.
Hiriburuetan, araudia ez da homogeneoa, eta bakoitzak bere aldetik jokatzen du. Donostian debekatuta dago piroteknia bide publikoan erabiltzea, eta isunak daude aurreikusita arauak hautsiz gero. Gipuzkoako hiriburuko Udalak gogorarazi du, halaber, erabilera okerrak arazo larriak eragin ditzakeela.
Iruñean, jokabide zibikoak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko ordenantzaren 20. artikuluak berariaz debekatzen du "udalaren baimenik gabe zarata edo suteak eragin ditzaketen petardo, suziri, bengala eta era guztietako gai piroteknikoak jaurtitzea".
Gasteizen, Udalak Urteberri eguneko ospakizunak eta Zarataren eta Bibrazioen aurkako Udal Ordenantza (pertsonen atsedena babesten du) uztartu nahi ditu. Horregatik, 15 minutuko tarte bat proposatu du material piroteknikoa jaurtitzeko. Epe hori igarotakoan, Udaltzaingoak esku hartu ahal izango du.
Bilbon dago askatasun handiena gai honen inguruan. Ez dago gai horri buruzko araudi espezifikorik, baina, egun hauetan, Udalak pirotekniarik ez erabiltzeko gomendatzen du, suteak eragin ditzakeelako eta pertsonen segurtasuna arriskuan jar dezakeelako. Gainera, gogorarazi du Bilboko Udaltzaingoak kontrol zorrotza egiten duela dendetan zein kalean material piroteknikoa baimenik gabe saltzea saihesteko.