Gizartea -
MENDI ISTRIPUA
62 urteko mendizale bat larri zauritu da Belaguan, 300 metrotik erorita
Añelarra mendira igotzen ari zela, istripua izan du eta 300 metrotik jausi da, 10:30 aldera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
62 urteko mendizale bat oso larri zauritu da larunbat honetan Belaguan, Añelarra mendira igotzen ari zela 300 metrotik behera erorita.
SOS Nafarroak jakitera eman duenez, 10:37an jaso dute larrialdi zerbitzuetan istripuaren abisua, eta berehala mobilizatu dira Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldeko (ETT) kideak, erreskate-helikoptero bat, helikoptero medikalizatu bat, anbulantzia medikalizatu bat eta Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren patruilak.
Antza denez, Añelarra mendia igotzen ari zen mendizalea 300 metroko altueratik erori da, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla medio.
Sorosleak gizonarengana iritsi direnean, konortea galdu gabe zegoen. Helikoptero medikalizatu batean eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñera, oso larri, politraumatismo ugari baitzituen.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.