Gizartea -

Ordenantza berria

Terrazetako ordutegia murrizteko proposamena "erasotzat" jo dute Bilboko ostalariek

Hector Sanchez Bilboko ostalarien elkarteko gerenteak EITBri adierazi dionez, udalak proposatutako neurria deigarria da eta eragin handia izango du sektorean.

Bilboko terrazak. EFEren artxiboko irudiak.
Bilboko terrazak. EFEren artxiboko irudiak.
Bilboko terrazak. EFEren artxiboko irudiak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak terrazentzat prestatu duen ordenantza berria ez da ostalarien gustukoa izan. Terrazetako ordutegia ordu erdi murrizteko proposamena "kaltegarritzat" jo dute, eta sektoreari "eraso zuzena" dela uste dute.

Hector Sanchez Bilboko ostalarien elkarteko gerenteak EITBri adierazi dionez, ez daude ados udalak egindako proposamenarekin. Sanchezen ustez, "udalak proposatutako neurria deigarria da eta eragina izango du sektorean". Oraindik proposamena denez, Sanchezek esan du udalari jakinaraziko diotela "ideia okerra" dela, eta "dagoen bezala" uzteko eskatuko diotela.

Ordenantza berria

Bilboko terrazen ordenantza zirriborroak terrazak gaur egun baino ordu erdi lehenago ixtea proposatzen du, Aste Nagusian salbu, gasezko berogailuak erabiltzea debeatzen du eta aulkiak eta mahaiak gordetzera behartzen ditu ostalariak, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoko zinegotziak azaldu duenez. 

Horiek dira ordenantza berriaren zirriborroak jasotzen dituen neurrietako batzuk. Testu artikulatua izango da eta espazio publikoaren ordenantzatik aterako da. Abaunzak adierazi duenez, "interes asko uztartu behar dira: Bilbon kalitatezko jarduera ekonomikoa eta ostalaritza mantentzea, erabilera horiek espazio publikoaren gainerako jarduerekin uztartzea, batzuetan bizilagunen atsedena eta bide publikoetako irisgarritasuna bermatzea".

"Eztabaida sortzen duen" gaia dela jakitun, Udalak zirriborro bat aurkeztu du, "lanerako dokumentu bat", eta horren inguruan "adostasunak topatu eta jarrerak hurbiltzea" espero dutela adierazi du.

Udalaren asmoa, azpimarratu duenez, "elkarrizketarako eta adostasunerako prozesu bat irekitzea da, inplikazioa duten edo gai horri buruz zer esanik baduten gizarte-eragile guztiekin", hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektorearekin, alderdi politikoekin, eta, auzo-elkarteekin; azken horietako batzuek ekarpenak helarazi zituzten udan zehar egin zen aurretiazko kontsulta-aldian.

Ez da datarik ezarri dokumentu hau ofizialki onartzeko, "behar den denbora" hartuko baita ahalik eta adostasun handienera iristeko.

Araudi berria behin betiko onartu arte, egungo espazio publikoaren ordenantza aplikatzen jarraituko da.

Ordutegiak, okupazioa eta biltegiratzea

Zirriborroak, oro har, terrazak gaur egun baino ordu erdi lehenago ixtea jasotzen du, baina terraza jasotzeko 30 minutuak mantentzen dira. Horrela, igandetik ostegunera eta urriaren 1etik maiatzaren 31ra, terrazak 22:30ean itxiko lirateke (orain 23:00etan), eta ekainaren 1etik irailaren 30era 23:30ean itxiko lirateke (gaur egun ordutegia 24:00etara artekoa da).

Murrizketak ez luke eraginik izango Aste Nagusian jartzen diren terrazetan, baina ordu erdiko murrizketa aplikatuko litzateke ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, eta itxiera 23:30ean izango litzateke neguan, eta 00:30era arte udan.

Altzarien eta estaltze-elementuen ezaugarri tekniko eta estetiko espezifikoei dagokionez, "diseinu neutroa eta tratamendu kromatiko unitarioa" izatea planteatzen da, eta "okupazioari dagokionez, oinezkoen zirkulazioaren intentsitatera egokitzea eskatzen da, betiere sarbidea, irisgarritasun unibertsala eta mugikortasun iraunkorra lehenetsiz".

Era berean, ostalaritza-establezimendua ixtean, ostalariek gorde egin beharko dituzte terrazako altzariak, izan biltzegian, izan lokalaren  barruan. Hala ere, ostalaritza-establezimenduei terrazako altzariak kanpoan pilatzeko aukera emango litzaieke lokala itxi arte, "terraza ixteko ordutegia eta ostalaritza-establezimendua ixteko ordutegia ez baitatoz bat beti", zehaztu du Abaunzak.

Testuan nabarmentzen diren berritasun nagusien artean, terrazetan berriztagarriak ez diren energia-iturriak erabiltzeko berariazko debekua dago, hau da, ezingo dira erabili elektrikoak ez diren berogailuak, "klimaren eta energia-kontsumoaren arloan aplikatzen diren araudi berrien ildotik", adierazi du Abaunzak, eta azpimarratu du, beraz, gasezkoak, esaterako, debekatuta egongo liratekeela testu honen arabera. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak