Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Familien eta Etxeen Inkesta, migrazioari buruzko datuak eta terrazen ordenantza
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abenduaren 27an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Familien eta Etxeen Inkesta 2024: Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak Euskadiko Familien eta Etxeen Inkesta 2024ko datuak aurkeztuko ditu, 10:30etan egingo duen agerraldian.
- Migrazioari buruzko datuak: Gobernuz kanpoko erakundeek migrazioari buruzko datuak plazaratzen jarraitzen dute. Atzo, Caminando Fronteras erakundeak eman zuen ezagutzeko urteko balantzea. Horren arabera, 10.457 pertsona hil ziren 2024an Espainiako kostaldera iristeko ahaleginean, hau da, egunean ia 30. Aurreko urtearekin alderatuz, % 58 hazi da kopurua.
- Terrazen ordenantza: Polemika piztu du Bilboko Udalak atzo ezagutzera eman zuen terrazen ordenantza berriaren zirriborroak. Neurrien artean, ostalaritzan haserrea eragin duena ordutegiarena da: terrazak gaur egun baino ordu erdi lehenago ixtea proposatzen du zirriborroak. Udalaren arabera, espazio publikoaren erabilera eta bizikidetza uztartzea da helburua.