Gizartea -
Gipuzkoa
Saihesbidea jarri dute N-1 errepidean, Idiazabalen, astelehenean izandako luiziaren ostean
Lur-jausia 409 kilometroan gertatu zen, Etzegarateko mendatearen jaitsieran, eta hiru ibilgailuri eragin zien, baina ez zen zauriturik izan.
AGENtziak | EITB Media
Astelehenean izandako harri eta lur-jausiaren ondorioz, saihesbide bat jarri dute N-1 errepidean, Idiazabal parean (Gipuzkoa), Donostiarako noranzkoan itxita zegoen zatian, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Lur-jausia 19:30 aldera gertatu zen Etzegarate gainaren jaitsieran, eta bertatik pasatzen ari ziren hiru ibilgailuk talka egin zuten, baina ez zen inor zauritu. Luiziaren ondorioz, hasiera batean A-15 autobidetik desbideratzea ezarri zuten, Altsasutik, Donostiarako noranzkoan.
Atzo, 15:00ak aldera, saihesbidea jarri zuten martxan, eta ibilgailuak N-1 errepidetik joan daitezke, bi noranzkoetan, luiziak eragindako zatian.