Gizartea -
''Carding'' metodoa
Lapurtutako txartelekin 90.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin zuen sare bat desegin dute Bilbon
Sareak Bilbon, Basaurin eta Leioan jarduten zuen nagusiki. "Carding" metodoaren bidez, lapurtutako txartelen informazioa erabiltzen zuten erosketak egiteko. Erositakoa Marokora bidali eta bertan merkaturatzen zuten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Guardia Zibilak eta Bilboko Udaltzaingoak lapurtutako banku-txartelak erabiliz 90.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin zuen erakunde kriminal bat desegin dute. Operazioaren ondorioz, lau pertsona atxilotu eta zazpi ikertu zituzten, iruzurra, dirua zuritzea eta erakunde kriminal baten kide izatea egotzita.
Sareak "carding" izeneko metodoa erabiltzen zuen, hau da, lapurtutako banku-txartelen datuak eskuratzen zituen iruzurrezko erosketak egiteko. Sistema horrekin, inplikatuek gama altuko produktu teknologikoak erosten zituzten, batez ere sakelako telefonoak, eta gero Marokora bidali eta bertan merkaturatzen zituzten.
Lapurtutako 100 banku-txartel baino gehiago eta 13 telefono-linea erabili zituzten gazkileek, erosketak egiteko. Gailu asko Espainiatik kanpo aktibatu zituzten, eta beste herrialde batzuetara bidali zituzten, produktuak merkaturatzeko.
Bilboko bi establezimendu iruzurrean inplikatuta zeuden, eta sarearen burua, berriz, Zallatik jarduten zen. Guztira, 48 telefono, ordenagailuak, eskudirua, banku-dokumentazioa, nortasun faltsuak eta iruzurrekin lotutako beste material batzuk atzeman zituzten.
Ikerketaren jatorria
Operazioa iazko azaroan hasi zen, Valentziako telefonia mugikorreko banatzaile baten jabeak 9.490 euroko salerosketa susmagarriak salatu zituen eta. Erosketa horiek Danimarkako, Alemaniako eta Norvegiako banku-kontuetatik egin ziren, eta Bizkaiko eta Bartzelonako helbideetara bideratuta zeuden.
Salaketaren ostean, agenteek 31 iruzurrezko eskaera eta 11 telefono linea eta fikziozko identitate identifikatu zituzten. Gainera, sarearekin lotutako beste 41 bidalketa atzeman zituzten, batez ere Bilbon, Basaurin eta Leioan.
Bizkaiko Guardia Zibilearen zenbait unitatek eta Bilboko Udaltzaingoak miaketetan eta ikuskapenetan parte hartu dute. Gainera, banku-kontuak blokeatu eta Zallako, Bilboko eta Durangoko etxeetan erregistroak egin zituzten. Zenbait establezimendutan ere aurkitu zituzten laneko irregulartasunak.
Bestelako datu esanguratsu batzuk
Sareko lau kidek Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zuten, eta lau urtean 128.000 euro pilatu zituzten laguntza publikoetan. Taldearen burua zen prestazio horren onuradun nagusia.