Gizartea -
2024ko Gabonetako loteria
Gabonetako loteriaren zozketa eitb.eus atarian zuzenean
Eguberrietako loteriaren zozketa izango da igande honetan. Aurten 2.702 milioi euro banatuko dira saritan, hots, iaz baino 112 milioi gehiago
EITB Media
Gabonetako loteriaren zozketa berezia egingo da abenduaren 22 honetan. 09:00etan hasiko da, ohi bezala, Madrilgo Errege Antzokian, eta eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du Gabonetako loteriaren zozketa. Aurten 2.702 milioi euro banatuko dira saritan, hots, iaz baino 112 milioi gehiago.
Sari nagusiak 400.000 euro banatuko ditu dezimo bakoitzeko (4 milioi euro serieko); bigarren saria 125.000 eurokoa da dezimoko, eta hirugarren saria, 50.000 eurokoa. Hiru sariotako bat egokituz gero, % 20 Ogasunari eman beharko diote zortekoek (lehen 40.000 euroak salbuetsita daude).
Horrez gain, 2 laugarren sari (20.000 euro dezimoko) eta 8 bosgarren sari (6.000 dezimo bakoitzeko) egongo dira.
Sariok arratsaldetik bertatik kobratu ahalko dira, behin egiaztapen guztiak amaituta, baina 2025eko martxoaren 24ra arteko epea dago horretarako.
eitb.eus atarian zenbaki saridunak kontsultatu ahal izango dira.
Biztanleko gastua
Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak egindako estimazioaren arabera, EAEko herritar bakoitzak 84,33 euro jokatu ditu, batez beste, igande honetako zozketan. Nafarroan, berriz, biztanleko batez besteko gastua 53,38 eurokoa da.
Sari potoloa 38 aldiz egokitu da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bizkaia izan da zorionekoena, 21 aldiz jausi baita sari desiratuena bertan; Gipuzkoan 16 bider banatu dute lehen saria, eta Araban, hirutan. Nafarroan, 8 aldiz egokitu da sari nagusia.