Gizartea -
San Tomas
San Tomas azoka jendetsua ospatuko dute larunbat honetan Donostian eta Bilbon
Giro fresko eta umela espero da. Bilbon argiagoa izango da aroa, baina ez da baztertzen goizean zehar tantaren bat jaustea. Donostian, euria egin dezake egun guztian zehar, baina egitekotan txikia. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta horrek hotz sentsazioa areagotuko du.
EITB Media
San Tomas eguna ospatuko dute abenduren 21 honetan Donostian eta Bilbon. Urtero legez feria eta azoka bereziak egingo dituzte eta larunbata izaki, milaka lagun espero dira bi hiriburuetan.
Donostiako azokak 162 postu izango ditu, eta 42 postutan txistorra dastatu ahal izango da. Azoka erdiguneko hainbat plazetan izango da, hala nola, Gipuzkoa, Okendo eta Zuloaga plazetan, baita Boulervard Zugaztian ere. Horrez gain, baserritar jantzien lehiaketa eta herri kirolak ere izango dira. Trinitate enparantzan VII. Urrezko Aizkora txapelketa izango da.
Baina, zalantzarik gabe, eguneko protagonista nagusia Kaxilda txerrama izango da. Duroc arrazako ale hibridoak 400 kiloko pisua du eta Konstituzio plazan egongo da ikusgai.
Bilboko San Tomas azokak edizioa izango du aurtengoa eta 121 ekoizle eta 235 kaseta izango dira ikusgai. Gainera, Bisubi Fundazioak 4.500 babarrun anoa solidario prestatuko ditu putxeratan, eta bildutako dirua Aspanovas, Gregorio Ybarra, Norai eta Koop SF 34 elkarteentzat izango da oso-osorik.
09:00etatik 20:00etara, Bilboko Areatzan eta inguruan askotariko produktuak dastatu eta erosi ahal izango dira, baita txorizodun taloa ere.