Gizartea -

Bizkaia

Hiru urtez aritu da udaltzain gisa lanean Etxebarrin, ustez titulua faltsututa

Udaltzaingoan sartu zen barneko lan-poltsa baten bidez, ez zen Arkautin egon. Udalak udaltzain "faltsuaren" aurka salaketa jarri du. Udaltzainak, bestalde, kaleratzearen kontra helegitea jarri du. Alkatearen hitzetan, Udalak ez du curriculumean aurkeztutako agiriak "egiaztatzeko betebeharrik".

Udaltzain bat. Irudia: EITB
Udaltzain bat. Irudia: EITB
Udaltzain bat. Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak epaitegira bidali du Etxebarriko (Bizkaia) Udalak udaltzain baten aurka jarritako salaketa. Udaltzain hori hiru urtez egon zen lanean, Arkautiko polizia-akademiaren titulua ustez faltsututa.

Udaltzaina dagoeneko kaleratu dute. Etxebarriko Udaltzaingoan sartu zen barneko lan-poltsa baten bidez.

Lankideetako batek beste udal batean sasipolizia horri buruz galdetu zuenean piztu ziren susmoak. Bertan aurretik ere udaltzain gisa lan egin zuela ulertuta baitzeukaten, eta, egia ez zela jakin ondoren, haren nagusiek Arkautiko akademian galdetu zuten zalantzak argitzeko, eta han ere ez zuten haren berririk.

Gaur hedabideei zabaldutako ohar batean, Etxebarriko Udalak azaldu du udaltzain baten "balizko irregulartasuna" antzeman ostean, barne-espediente bat abiatu zuela informazio gehiago biltzeko.

"Ikerketa horietan delitu izan zitekeen osagairen bat zegoenez, Udalak Fiskaltzari igorri zion espedientea, eta fiskalak epaitegira eraman zuen", azaldu dute oharrean.

Udalak ez du gertatutakoari buruzko informazio gehiago eman nahi izan, espedientea dagoeneko "epaitegian" dagoela argudiatuz, eta epaileen "lana ez oztopatzeko" eta "justiziak bere zatia egin aurretik" ustez inplikatutako pertsonei kalte egin diezaiekeen adierazpenen bat ez egiteko.

Iker Lopez Comeron Etxebarriko alkatea. Irudia: EITB

Iker Lopez Comeron Etxebarriko alkatea. Irudia: EITB

Iker Lopez Comeron Etxebarriko alkateak baieztatu duenez, Udalak udaltzain "faltsuari" buruzko ikerketa abiatu zuen bere lankide batzuen usteek bultzatuta, "curriculumarekin bat ez zetorren gauzaren bat" ikusi baitzuten. Era berean, adierazi du ez zetorrela Arkautiko lan-poltsatik, baizik eta Udalaren beraren hautaketa-prozesu baten bidez kontratatu zutela.

Bestalde, bere kaleratzea errekurritu duen langileak "Udaltzaingoaren eskumenekoak diren lan guztiak" egin ditu, alkateak onartu duenez. Lopez Comeronen esanetan, Udalak ez du curriculumean aurkeztutako agiriak "egiaztatzeko betebeharrik". "Guk ez dugu arazorik izan bere lanarekin", berretsi du.

Azpimarratu duenez, beste udal batzuek bezala, Etxebarrikoak hitzarmen bat du Arkautirekin, beharginak behar izanez gero bere poltsa erabiltzeko. Hala ere, erantsi duenez, "askotan, poltsa hori pertsonarik gabe dago, eta, orduan, udalek bizimodua ateratzeko beharra dute eta poltsa propioak aurrera eramaten dituzte, eta hori gertatu zen kasu honetan".

"Baja asko zeuden betetzeko, oporraldia zen eta Arkautin ez zegoen jenderik eskuragarri; beraz, tokiko poltsa bat egin zen", adierazi du, eta gogorarazi Udalaren hautaketa-prozesu hori 2019an egin zela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Etxebarri