Gizartea -
OSAKIDETZA
5.000 giltzurrun-transplante eginda, Euskadi erreferentea da organoak ematen eta transplantatzen
Horrez gain, giltzurruneko transplante pediatrikoan erreferentziazko zentroa denez, 1994tik guztira 201 trasplante egin zaizkie ospitalean pediatria-adinean dauden pazienteei. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea da helduen eta haurren giltzurruneko transplanteetan buru.
EITB MEDIA
1979ko uztailaren 6an Gurutzetako Ospitalean giltzurruneko lehen transplantea egin zenetik, 5.000 pertsonari egin diote Euskadin giltzurruneko transplantea.
Horrez gain, giltzurruneko transplante pediatrikoan ere Gurutzetako Ospitalea erreferentziazko zentroa denez, 1994tik guztira 201 trasplante egin zaizkie ospitalean pediatria-adinean dauden pazienteei. Zehazki: EAEko 91 pazienteri, Nafarroako 16ri; Gaztela eta Leongo 20ri; Galiziako 25i; Asturiaseko 19ri; Kantabriako 19ri, Errioxako 7ri, eta Aragoiko 4ri.
Osasun Sailak azpimarratu duenez, hori guztia Euskadiko biztanleen ekarpen handiari esker izan da eta datuok Osakidetza kokatzen dute transplanteen erreferente gisa.
EAEn hildakoen 10 familiatik 9k onartzen dute hildako senitartekoen organoak ematea, eta nabarmentzekoa da, gainera, 2006az geroztik, emaile bizien giltzurrun-transplantea egiteko programa bat ere martxan dagoela. Azken horri esker 306 pertsonari egin diete transplantea, eta horien artean 34 transplante gurutzatuak izan dira.
Emaileei dagokienez, 2024an, EAEko organo- eta ehun-emaileen tasa milioi bat biztanleko 52,7 emailekoa zen, nazioartean dagoen altuenetako bat; Europan, tasa 21 emaile inguruko da milioi bat biztanleko. Hala, Euskadi da 2000. urteaz geroztik milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiagoko urteko batez besteko tasa duen lurralde bakarra.