Gizartea -
Feminismoa
AMUGEk eta INMEk jaso dute aurtengo Emakunde Saria, emakumeen kontrako diskriminazio motak ikusarazteagatik
Emakume ijitoak sustatzeko eta ahalduntzeko elkartea da lehena, eta emakume musulmanak integratzekoa, bigarrena. Emakume horien egoera ikusarazteko eta artatzeko egindako lana saritu nahi izan dute.
eitb media
Emakundek AMUGE emakume ijitoak sustatzeko eta ahalduntzeko elkarteari eta INME emakume musulmanak integratzen laguntzen duen elkarteari eman die aurtengo Emakunde Saria.
Ijitoek eta emakume musulmanek bizi duten diskriminazio mota anitzak ikusarazteko eta horiek artatzeko egindako lana saritu nahi izan du Emakundek, eta AMUGEko Tamara Claverria eta INMEko Djamila Zereib bertaratu dira saria jasotzera.
Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak aitortu duenez, bi elkarteek "erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten diote".
Sari honekin ikuspegi intersekzionalaren garrantzia nabarmentzen da, beharrezkoa baita emakumeek bizi dituzten diskriminazio anitzak ikusarazteko, Elgarrestaren esanetan. "AMUGEk eta INMEk argi erakusten digute emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean. Eta bere lanarekin emakume ijitoek eta musulmanek jasaten dituzten diskriminazio mota desberdinak agerian jartzen laguntzen digute", nabarmendu du Emakunderen zuzendariak.
Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, aitorpen honekin berdintasun-politika publikoen erdigunean jartzen dira "askotan bazterretan egon diren emakumeen kolektiboak, eta horrelako elkarteei esker, arlo publikoan pixkanaka presentzia gehiago dute".
Epaimahaiak, bereziki, ahalduntzeko, osasunerako eta generoari buruzko prestakuntzarako programen bidez eta diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan izandako eragin esanguratsua azpimarratu du AMUGEren kasuan.
INMErenean, berriz, genero-indarkeriari buruzko sentsibilizazioan oinarritutako proiektuak nabarmendu dituzte, emakumeei baliabideak eta laguntza emanez, eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakume musulmanen ahotsak aintzat hartuko dituzten politiken formulazioan eraginez.