Gizartea -
Gertaera
Lau gazte atxilotu dituzte Getxon, liskar batean beste bat sastatzeagatik
Areetako metro-geltokiaren inguruan atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak, eta trenbidera botatako arma bat berreskuratu dute. Zauritua larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera, baina ez du konortea galdu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Getxoko Udaltzaingoak lau gazte atxilotu ditu larunbat goizaldean, Areetan izandako borroka batean beste bat sastatzea leporatuta. Zauritua larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera, baina ez du konortea galdu.
Getxoko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, hainbat gazteren arteko liskar bat gertatu da. Gazteetako batek arma zuri bat atera eta beste bat sastatu du.
Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ostean, Areetako metro-geltokiaren inguruan hainbat gazte identifikatu dituzte, eta trenbidera botatako arma bat berreskuratu dute.
Udaltzaingoak atxilotutako lau ustezko erasotzaileak ertzain-etxera eraman dituzte, Ertzaintzak abiatu duelako ikerketa.
Ohar baten bidez, Amaia Agirre Getxoko alkateak jazotakoa gaitzetsi du, eta azpimarratu du "elkarbizitza baketsua" izan dela "betidanik Getxon".