Gizartea -
EUSKARA
Nafarroan euskara indartzeko "urgentziazko neurrien Dekalogoa" aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak
Nafarroako Euskararen Legearen 38. urteurrenaren atarian kaleratu dute testua Kontseilua osatzen duten Nafarroako eragileek. Besteak beste, euskararentzako arkitektura juridiko berri bat eskatu dute, "zonifikazioa gainditu eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".
A. S. | EITB MEDIA
Nafarroan euskararen larrialditik indarraldirako bideari ekiteko urgentziazko neurrien Dekalogoa aurkeztu du ostegun honetan Euskalgintzaren Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileek. Hain justu, agerraldia 1986ko Euskararen Foru Legearen 38. urteurrenaren atarian egin dute, eta, besteak beste eskatu dute euskararentzako arkitektura juridiko berri bat, "zonifikazioa gainditu eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".
Azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariek "larrialditik indarraldira" jauzi egiteko deia egin zuten 2025ari begira. Hala, Euskararen normalizazioa agenda politiko eta sozialaren "erdigunean" jartzea eskatu zieten erakundeei, eta eragile politiko eta sozialei.
Oraingoan, eta azken urteotan urratsak eman direla esan ondotik, Kontseiluatik adierazi dute oraindik orain "aurreko inertzia batzuek bere horretan jarraitzen dutela", eta "bidegabekeria asko" dagoela Nafarroan euskararen inguruan.
Testuinguru horretan, eta abenduaren 15ean Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena ospatzeko egun gutxi falta diren honetan, "nafar guztiondako zorigaitzeko data", Kontseiluaren arabera, begiak etorkizunean jarri eta "egin beharrekoari arreta" jartzeko unea dela eta datorren urtetarako oinarriak jartzeko unea dela adierazi dute.
Horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatu die hainbat gakoren gainean "determinazioz aritzeko" eta nabarmendu dute pauso horietan guztietan urratsak ematen bidelagun izango dituztela. Besteak beste, arkitektura juridikoa aldatzea ezinbestekoa dela adierazi eta Euskararen Lege berri baten beharra azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak, "nafar guztiek hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".
Administrazioa euskalduntzea, euskararen aurrekontua handitzea edo hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jartzeko deia ere egin du Euskalgintzako Kontseiluak.
Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartzeko beharra, arlo-sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak edo euskarazko hedabideak babesteari ere eman diote garrantzia dekalogoan.