Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EITB Maratoia, Pradales - Clavijo bilera eta EAEko aurrekontuen negoziazioa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abenduaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Maratoia: 2024ko EITB Maratoiak egun handia biziko du gaur, abenduak 12, "Entzun bihotzari" lelopean. Aurten bildutako dirua gaixotasun kardiobaskularrak ikertzera bideratuko da. Asko dira ekarpenak egiteko moduak: banku-transferentzia bidez (Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabank), BIZUM bitartez (33478) eta EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda eta 900 840 750 doako telefono zenbakira deituta. EITB Maratoiak 25. edizioa izango du, eta urteurrena behar bezala ospatzeko, 16 orduko musika maratoi erraldoia antolatu du, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon.
- Pradales - Clavijo bilera: Imanol Pradales lehendakariak Fernando Clavijo Kanariar Uharteetako presidentea hartuko du arratsaldean Ajuria Enean, migrazio arloan dituzten jarrerak bateratzeko asmoz. Izan ere, datorren ostiralean Santanderren egingo den autonomia erkidegoetako presidenteen konferentziara adin txikiko migratzaileen kopurua erkidegoko banaketari buruzko proposamen bateratua eraman nahi dute, "orekatua, solidarioa eta bidezkoa" izan dadin.
- EAEko aurrekontuen negoziazioa: Eusko Jaurlaritzak etxebizitzarako 100 milioi euroko urteroko partida eskaini dio EH Bilduri aurrekontu ituna adosteko asmoz. Partida gehigarria alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko bideratuko litzateke. Halaber, etxebizitza foroa martxan jartzea eta udalek parte hartze handiagoa izatea proposatzen da. Legebiltzarrak gaur bozkatuko ditu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak.