Gizartea -

Gipuzkoa

Atxilotu bat eta ikertu bat Hernanin, migratzaileekin pertsona trafikoa egitea leporatuta

Atxilotuak 11 pertsona zeramatzan furgoneta barruan, Portugalera bidean. Bidaiarietako bat ikertu gisa dago, taldearen ustezko arduraduna zelakoan.

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du pertsona migratzaileen trafikoa leporatuta. Hernanin atzeman dute furgoneta barruan 11 pertsona zeramatzanean, eta horietako bat ikertu gisa dago, taldearen arduraduna zelakoan.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igande goizean abisu bat jaso zuten furgoneta batean jende gehiegi zihoala ohartarazteko.

Hori horrela, Ertzaintza Hernaniko zerbitzugune batean bertaratu eta han atzeman zuten gidariaz gain 11 pertsona zeramatzan ibilgailua.

Ertzaintzak atxilotu egin zuen furgonetaren gidaria, 25 urtekoa, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita, eta izapideak ireki zituen ikertu gisa bidaiarietako baten aurka, taldearen arduraduna zelakoan. Azken horri dirua ere atzeman zioten.

Atxilotua Ertzaintzaren komisarian dago, eta epailearen esku utziko dute gaur bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Migrazioa Gipuzkoa Hernani Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak