Gizartea -

Tren Publiko eta Soziala

AHTaren "alternatiba egingarri eta egiazko bat" eskatu dute Bruselan Nafarroako eta Arabako plataformek

Horien hitzetan, bai Europako Parlamentuan eta baita Europako Batzordearekin izandako bileretan ere "erantzun oso ona" jaso dute PSOEko, PPko, Sumarreko eta EH Bilduko europarlamentarien aldetik.

Manifestazioa Altsasun. Artxiboko argazkia: @raqandu
Manifestazioa Altsasun
Manifestazioa Altsasun. Artxiboko argazkia: @raqandu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tren publikoaren eta sozialaren aldeko Nafarroao eta Arabako plataformak Europako Batzordeko ordezkariekin eta hainbat eurodiputaturekin bildu dira "alternatiba egingarri, bideragarri eta egiazko bat" proposatze aldera.

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, batzar horien helburua Abiadura Handiko Trenarentzat diseinatutako azpiegituraren eraikuntzari alternatiba bat bilatzea besterik ez zen, eta horrek lurralde osoari eta klimari eman ahal dizkion onurak mahaigaineratzea.

Bruselara egindako bigarren bisitan, plataforma horietako ordezkariek hiru bide-ingeniarik diseinatutako proposamena aurkeztu dute. Horrekin egungo tren azpiegiturak berritzea eta egokitzea planteatu dute, merkantzia zein bidaiari trafikoari aukera berriak emanez.

"AHTaren proiektu suntsitzailearen aurrean, azterketa sakon eta egingarri bat ekarri dugu. Herrien arteko lotura hobetu eta lurraldea egituratuko luke horrek, geltoki eta geraleku berriekin, eta aldirietako zerbitzu oso bat eskainiz. Gainera, abiadura handiko tren hau bateragarri litzateke merkantzien garraioarekin", zehaztu dute.

Horien hitzetan, bai Europako Parlamentuan eta baita Europako Batzordearekin izandako bileretan "erantzun oso ona" jaso dute PSOEko, PPko, Sumarreko eta EH Bilduko europarlamentarien aldetik. EAJrekin ez dira oraindik bildu, jeltzaleek ez baitie hitzordurik eman, "agenda arazoak" tarteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Araba Europa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena