Gizartea -
ABISUA
Krisi mahaia bildu du Getxoko Udalak igandean prezipitazio handiengatik alerta laranja ezarriko baitute
Bilboko Udalak zein Getxokoak adierazi dute urak har ditzakeen tokietatik autoak erretiratzea komeni dela. Leioako Udalak, bestalde, bertan behera utzi du biharko deituta zegoen nekazaritza eta abeltzaintza azoka, eta beharrezkoa ez bada autoz ez ibiltzeko ere eskatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Amaia Agirre Getxoko alkateak krisi mahaia deitu du larunbat honetan, Eusko Jaurlaritzak prezipitazio handiengatik alerta laranja ezarri aurretik egoera aztertzeko. Igandeko 12:00etan sartuko da indarrean alerta.
Getxoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Udalak zein Udaltzaingoak unean uneko "neurri egokiak" hartuko dituzte datozen orduetan. Herritarrei mendira ez joateko eta uretako jarduerak ez egiteko eskatu die, eta zuhaitz bakartien azpian edo eraikin "ezegonkorretan" babesik ez bilatzeko gomendatu.
Udalaren arabera, ibilgailuak putzuak sor daitezkeen tokietatik erretiratu eta urez bete daitezkeen garajeetatik atera behar dira, eta beharrezkoa ez bada autoz ez ibiltzeko eskatu du. Bidaiatu behar izanez gero, errepide nagusietatik eta autobideetatik ibiltzeko aholkatu diete herritarrei, eta ikuspen arazoak izanez gero, ibilgailua leku seguru batean aparkatzeko. Euri-jasak errepidean harrapatuz gero, abiadura murrizteko, zuhurtziaz gidatzeko eta ur asko igaro daitekeen lekuetan ez gelditzeko deia ere egin du.
Kalean, adarrak, kartel handiak eta hormak zaintzeko eskatu du. Etxe barruan, berriz, "aire-korronterik ez sortzea zaindu" behar dela gogorarazi du, tximistak erakartzen baitituzte. "Hortik dator ekaitza gertatuz gero ateak eta leihoak ixteko gomendioa", azaldu du Getxoko Udalak.
Bestalde, linternak, kandelak edo argiztatzeko bestelako sistema alternatiboak prestatzeko gomendatu du Udalak, argia joanez gero eskura izateko. Deskarga elektriko handia gertatzen bada, etxetresna elektrikoak eta telebistaren antena deskonektatzeko ere eskatu du, tentsio-igoera baten ondorioz ez kaltetzeko edo deskargarik ez eragiteko.
SOS Deiak (112) eta Larrialdiak Koordinatzeko Udal Zentroa (94 466 02 02) martxan egongo direla jakinarazi dute.
Bilboko Udalak ere ohartarazpen bera egin die herritarrei, eta beharrezkoa ez bada autorik ez hartzeko eskatu die, baita uholdeak izan daitezkeen tokietatik autoak erretiratzeko ere.
Eguraldiaren iragarpena ikusita, Leioako Udalak bertan behera utzi du biharko deituta zegoen nekazaritza eta abeltzaintza azoka.