Gizartea -
BIZKAIA
Iurretan desagertutako 77 urteko gizonezko baten bila ari dira
Larrialdi Zerbitzuek bilaketa lanei ekin diete gaur, ostiral goizetik haren berririk izan ez ostean.
eitb media
77 urteko gizonezko bat desagertu da Iurreta inguruan, eta Larrialdi Zerbitzuek bilaketa lanei ekin diete.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, desagertua ogia eta egunkaria erostera joan zen atzo goizean, eta ordutik ez dute haren berririk izan etxekoek.
Hori horrela, EAEko Larrialdi Zerbitzuek hura bilatzeko operatiboa jarri dute martxan gaur goizean.
Iurreta eta Durango aldean ari dira haren bila, desagertua inguru horretan ibili ohi delako. Dagoeneko argitu dutenez, egunkaria erosi zuen, baina ez zen okindegira joan. 11:30 aldera ikusi zuten azkenengoz bidegorritik Durangorantz zihoala.
77 urteko gizonezko argal bat da desagertua, 1,80 metro inguruko altuerakoa eta ile urdinekoa. Txaketa grisa, praka beltzak, zapata ilunak eta aterki beltza zeramatzan desagertu zenean.