Gizartea -
Eguraldia
Negu sasoiko eguraldia eta elurra izango ditugu asteburuan
Polotik iritsiko den aire-masa hotz baten eta depresio baten ondorioz, hotza, euria eta elurra izango dira nagusi.
EITB MEDIA
Negu sasoiko eguraldia izango dugu asteburu luze honetan Euskadin. Polotik iritsiko den aire-masa hotz baten eta depresio baten ondorioz, hotza, euria eta elurra izango dira nagusi, Euskalmetek eta EITBren zerbitzu meteorologikoak egindako iragarpenaren arabera.
Ostirala bustitik esnatuko da, bereziki iparraldean eta ekialdean (Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa iparraldea). Lurraldearen hegoaldean, berriz, ateri eutsiko dio, eta eguzkiaz gozatu ahalko dute egunaren bigarren zatian. Ez da tenperatura aldaketarik izango, eta minimoak bezperan baino zertxobait altuagoak izango dira.
Giroa larunbatean petralduko da. Iragarpenen arabera, prezipitazioak, haizea, tenperaturen beherakada eta 800-1.000 metroan elurra izango dira. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta traba egingo du egun osoan. Horrek hotz sentsazioa areagotuko du. Termometroak 4-5 ºC-raino jaitsiko dira Gasteizen eta Iruñean, eta 7-10 ºC-an errendituko dira Donostian eta Bilbon. Epelenek ez dute 15 ºC-ren langa gaindituko. Zerua estalita egongo da, eta euria egingo du, goizetik gauera. Elur-mailak behera egingo du arratsaldean, eta 800-1000 metro inguruan egongo da gauean.
Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hiru abisu hori ezarriko ditu muturreko eguraldiagatik: prezipitazio iraunkorrengatik, Bizkaian eta Gipuzkoan (12:00etatik 24:00etara); haizeagatik, bi lurraldeetan (09:00-24:00), eta elurragatik, barnealdean (Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 18:00etatik gauerdira arte). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, bost metroko olatuak espero baitira.
Hotz boladak okerrera egingo du igandean. Tenperatura maximoak apur bat gehiago jaitsiko dira. Zerua estalita egongo da eta prezipitazio ugari egingo du; elur-maila 700-1000 metro inguruan kokatuko da. Horrekin batera, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake puntualki. Ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin jarraituko dugu, batez ere egunaren lehen partean, eta tenperatura maximoak 7-11 ºC-an geratuko dira. Mendi inguruetan, izotza egingo du.
Eguraldi makurra dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat abisu ezarri ditu iganderako: prezipitazio iraunkorrengatik, isurialde atlantikoan (00:00etatik 24:00etara); haizeagatik, bi lurraldeetan (00:00-18:00) eta elurragatik, barnealdean, (00:00etatik gauerdira arte). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, sei metroko olatuak espero baitira.
Donostiako Pasealeku Berria
Babes Zibilak jakinarazi duenez, larunbatean Donostiako Pasealeku Berria ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxiko dute 17:00etan, eta Leizaola pasealekurako eta Haizearen Orrazirako sarrerak ere itxiko dituzte. Neurri horiek gutxienez astelehenera arte egongo dira indarrean.