Gizartea -

OSAKIDETZA

Osasun Itunaren Mahaiaren laugarren bilerak ez du lortu printzipioen gaineko akordioa ixtea

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du "oso positiboa eta aberasgarria" izan dela bilera, eta proposamen guztiak aztertzeko astirik ezari egotzi dio akordioa itxi ez izana. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 29rako jarri dute. EH Bilduk prozesuan sinistu dezala eskatu dio Jaurlaritzari.

Osasun Itunaren Mahaiaren bilera, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Osasun Itunaren Mahaiaren bilera, gaur, Bilbon.
Osasun Itunaren Mahaiaren bilera, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak laugarren bilera egin du gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian. Aurreko hiru hitzorduetan diagnostikoa adostu ostean, osasun sistemaren aurrera begirako oinarrizko printzipioen gaineko akordioa ixtea zen gaurko lan-saioaren helburuetako bat, baina ez dute itunik erdietsi.

Eragileek gaur landu duten proposamenak, besteak beste, azken hilabetean egindako hausnarketak eta ekarpenak biltzen ditu. Batzarraren amaieran, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du lan-saioa  "oso aberasgarria" izan dela, eta denbora ezari egotzi dio gaur akordioa itxi ez izana. "Hurrengo egunetan eragileek beren organoetan zehatzago aztertu eta kontrastatuko dute dokumentua", esan du.

Halaber, sailburuak "eragile sozial, politiko eta sanitarioen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa" eskertu ditu. Bere hitzetan, "etorkizuneko osasun-sistemaren balioen eta printzipioen bertsio eboluzionatu eta aurreratua" azaldu da batzarrean, eta orain eragileek eta haien erakundeek "barne organoetan kontrastatuko" dute dokumentua.

Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkidearen iritzian, ordea, gaur mahai gainean jarri dieten dokumentua "ez dator bat diagnostikoan lortu zuten gutxieneko akordioaren edukiekin". Batzarraren ondoren, Uberak adierazi du, diagnostikoa egin zenean, osasun sistema publikoa aldatzeko bideak ireki zirela, baina dokumentu honetan atzera egiten dela; "egungo egoerara ekarri gaituzten politikak diseinatu ziren 2012-16 legegintzaldira" egiten dute atzera, hain zuzen ere. 

Hala ere, koalizioak Osasun Mahaian jarraitzeko eta akordioak lortzeko konpromisoa daukala ziurtatu du, baina Eusko Jaurlaritzari "prozesu honetan benetan sinistu" dezala eskatu dio.

Bestetik, Jon Hernandez Sumarren legebiltzarkidea ere oso kritiko agertu da dokumentuarekin, eta azaldu du osasun sistemak izan beharko lukeen eredutik "oso urruti" dagoela. Bere hitzetan, Osakidetza "enpresa" baten parean jarri da, "jasangarritasuna eta produktibitatea" lehenetsita. Ohartarazi du "hainbat marra gorri" gaindiezinak direla Sumarrentzat, eta erantsi du aldaketarik ezean, ez dutela akordioa babestuko. Erabateko doakotasuna eta pribatizazioa ekiditeko neurriak aipatu ditu.

Urtarrilaren 29rako egingo du bosgarren bilera Osasun Itunaren Mahaiak. Etorkizuneko osasun sistemaren printzipioak adostu eta estrategiaren faseari heltzea da asmoa. 

Aurrekoetan bezala, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta, protesta elkarretaratzea egin dute bilera hasi denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Munduko Osasun Erakundea Ongizatea eta osasuna